Koronabirusaren bilakaerari buruzko azken datuak ez dira onak. Haren eragina zabaltzen ari da eskualdean eta kutsatuen kopuruak ehun lagunen langa gainditu du dagoeneko. Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakitera emandako datuen arabera, beste 11 kasu positibo atzeman zituzten atzo 20:00ak bitartean eta, guztira, 107 dira eskualdean orain arte baieztatu dituzten kasuak.
Hain zuzen ere, Zarautz da koronabirusak eragin handiena duen eskualdeko herria, eta baita egunez egun kutsatu berri gehien atzematen dituztena ere. Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuek diotenez, azken orduetan zazpi positibo berri zenbatu dituzte herrian eta, denera, 63 lagunek dute COVID-19 gaitza. Zumaia da kaltetuenen zerrendan bigarren herria; 22 herritar daude gaixorik han, atzo baino bi gehiago. Azpeitian eta Orion ere kasu berri bana azaldu da azken orduetan. Horrenbestez, Azpeitian lau dira gaixorik dauden herritarrak eta zazpi dira Orion.
Eskualdeko gainerako herrietan ez du gorabeherarik izan koronabirusak jotako herritarren kopuruak. Azkoitian bost daude, Getarian hiru, Aian bi eta Zestoan bat dago. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen oraingoz ez dute atzeman kasurik. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak emandako datu ofizialak, baina gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.
Urola Kostan ez ezik, Euskal Herrian ere hazi egin da koronabirusak jotako herritarren kopurua beste egun batez. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian beste 710 positibo eta 61 hildako zenbatu dituzte azken orduetan. Hala, dagoeneko, 9.335 lagun dira COVID-19a duten herritarrak eta 499 gaitzak jota hil direnak. Horiei Ipar Euskal Herriko datuak batu behar zaizkie, gainera. Berez, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datu ofizialik ez dago. ARS osasun agentziak Akitania Berriko datuak eguneratzen ditu, eta noizean behin Pirinio Atlantikoetako daturen batzuk ematen ditu, baina ez gehiago. Ezinezkoa da, beraz, Ipar Euskal Herriko datuen jarraipen estu bat egitea. Ezagutu da, halere, gutxienez 21 kasu baieztatu direla Baionako erietxean eta orain arte, gutxienez, bi lagun hil dituela gaitzak. Beraz, Euskal Herrian, gutxienez, 9.358 lirateke kutsatuak eta 501 gaitzaren eraginez hildakoak.
Hegoaldean, probintzia batetik bestera gorabehera handiak daude. Egun, Bizkaia da kutsaturik gehien dauden herrialdea (3.382) eta baita egunez egun positibo berri gehien atzematen ari direna ere; 280 kasu berri zenbatu dituzte azken orduetan. Nafarroan 2.497 dira COVID-19a duten herritarrak, 192 kasu berrirekin. Araban, berriz, 2.250 lagunek dute gaitza, herenegun baino 145 gehiagok; eta Gipuzkoan 1.206 lagunek, 93 gehiagok. Hildakorik gehienak ere Bizkaian eragin ditu orain arte, 168, hain zuzen. Araban 149 lagun hil dira; Nafarroan, 130; eta Gipuzkoan, 52. Hego Euskal Herriko erietxeetan 4.936 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik, eta 2.401 lagunek hartu dute senda agiria.
Egoitzak jopuntuan
Jakina da koronabirusak adineko herritarrei erasaten diela gehien. Horregatik, erakundeak ahalegin berezia egiten ari dira haiek zaintzeko, eta arretaz jarraitzen ari da adinekoen egoitzetan gaitzak duen bilakaera. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, koronabirusa zuten hiru pertsona hil dira azken 24 orduetan Gipuzkoako egoitzetan; horietako bat, Zarauzko Santa Ana egoitzan. Beraz, horrekin, bi dira, gutxienez, Zarauzko adinekoen egoitzan COVID-19 gaitzaren ondorioz zendutako egoiliarrak. Gipuzkoan, berriz, 107 dira egoitzetan dauden koronabirusak jotako adinekoak. Azken 24 orduetan hamabi kasu atzeman dituzte.