Gipuzkoako Foru Aldundiko landare babestuen saileko arduraduna da Jon Zulaika zarauztarra, eta basozain lanetan 20 urtez ere jardundakoa da. Ondo ezagutzen ditu bazterrak, eta alarma egoera indarrean dagoenetik lasaiago sumatzen ditu gune naturalak eta bertako animaliak. Horregatik, normaltzat jotzen du azken asteetan basoko animaliak kale aldera jaitsi izana eta ageriagoan ibiltzea.
Arrazoi nagusiak bi dira, baina horien artean ez dago kontaminazioa gutxitu izana, batzuek esan duten bezala. "Alarma egoeraren ondorioz jendea etxean dago eta, beraz, lasaitasun gehiago nabari dute animaliek. Errepideko soinurik eta mugimendurik ez, mendian mendizalerik, korrikalaririk, txirrindularirik ez, pistetan ibilgailurik ez, basolanetan inor ez... Horri gehitu behar zaio beste gauza bat, eta da urteko sasoi hau mugimendu handikoa dela animalientzat. Negua amaitu da, kumeak jaio dira, eta aktibitatea disparatu egiten da. Normala izan liteke animaliak azaltzea orain arte arraroa zen tokietan".
Basurdeak eta orkatzak azaltzen ari dira mendian oso behealdean. Gainera, azken urteetan asko hazi da populazioa Zulaikaren esanetan. "Basurdeen populazioa gora eta gora doa aspalditik, eta lasaitasuna sumatzen badu, ibiliko da edozein parajetan. Gautarrak dira normalean, ilunabarrean edo gauean ibiltzen dira, eta zaila izaten da egunez ikustea. Gainera, normalean ezkutatu egiten dira animaliak, edozein unetan jendea azaltzen delako. Asko jaitsi da jendearen presentzia hori, eta ziur naiz lasaiago sumatzen dutela guztia".
Animaliak janari bila ere jaisten dira kale aldera, eta alde horretatik begiratuta, udaberria garai lasaia izaten dela azaldu du Zulaikak. "Neguan janari faltagatik mendi eta basoetatik jaitsi egiten dira baratze eta soroetara. Orain landaretza berritu da, eta aurkitzen dute jana goian. Pixka bat lasaiago egoten dira, eta uda amaieran berriz jotzen dute beherantz, dena lehortzen denean. Udazkenean, berriz lasaitzen dira, ezkurra erortzen delako eta jan asko aurkitzen dutelako mendian".
Basurde populazioa, azken 25 urteetan gora
Ez daki esaten baserritarrekin arazorik egon den egunotan, bera ez delako arduratzen horretaz. Baina ez litzaioke arraroa ere egingo. Horrelakoetan aldundiari eta ehiztarien elkarteari abisatzen zaiela esan du. Hori bai, azken egunetan birala egin den bideoa, non basurde familiak ageri ziren txakolindegi bateko mahastietan, ez da hemengoa. "Oraingoz", dio, ez dago horrenbeste. "Hemen ez dabil horrelako talde handirik. Baina atera kontuak; datu zehatzak ez dakizkit, baina urtero 1.000 botatzen dira, eta urtez urte basurde gehiago dago. Orain arte populazioa mugatzeko dagoen bide bakarra ehiza da. Azken 20-30 urteetako alderaketa eginez gero, ohartzen zara garai batean basurderik ez zela agertu ere egiten. Orduan, ehiztariei esan behar izaten zitzaien suabe ibiltzeko, populazioa asentatu zedin. Kopurua mugatzen zen. Eta toki batzuetan ez zen ehizatzen, ez zegoelako. Basurderik gabeko eskualdeak zeuden. Gero agertzen hasi zen, eta ehizan kupoak jarri behar izan ziren. Orain, ehiza libre utzita ere handituz doa populazioa, eta bilakaera hori azken 25 urtean ikusi dugu ".
Zulaikak azpimarratu du basurde asko egotearen "arazoa" ez dela hemengoa bakarrik, eskualde biogeografiko osokoa baizik. "Europa hegoalde eta erdialde guztian ari da hazten basurde populazioa". Basurdearekin batera, orkatza ere goraka doa. "Duela 20 urte ez zegoen orkatzik Gipuzkoan. Bakarren bat agertzen zen Nafarroako mugatik, Leitzaran aldetik, eta birpopulatzen ere ibili ginen. Orain barre egiten dugu, baina ibilita gaude, ni neu ere bai, Frantzian erosi eta hemen askatzen. Eta gero, gertatu da berez, ez guk askatu izanagatik, populazioa handituz eta handituz joan dela". Hala ere, beste toki batzuetan arazo askoz handiagoak daudela uste du. "Garai batean jendea kotoetara joaten zen basurdea ehizatzera. Orain, batzuk itxi egin dituzte, ezin dutelako beren populazioa kontrolatu, eta jendea ere ez zaielako joaten. Zergatik ordainduko dute Huescan basurdeak ehizatzeagatik, etxe aurrean badituzte? Toki batzuetan kotoak itxi egin dira. Eta kontua desmadratzen ari da. Populazioa gora eta gora, eta kalteak ere bai, jakina; errepideko istripuak, esaterako".
Basozainek ere lan gutxiago
Konfinamenduak lana gutxitzea ekarri die basozainei ere. "Basolanak mugatu egin dira, mendian ez dabil inor, eta errekak ere bakean daude, arrantzan ez dabil inor eta fabrikek ere ez dute isurtzen", laburbildu du Zulaikak. "Mendia lasaiago dago, eta animaliak ere bai. Oraintxe habiak egin dituzte, txitoak azaltzen ari dira, eta haiek daude bake santuan. Beraiek inoiz baino hobeto daude".
Zulaika etxetik ari da lanean, eta basozainak gutxieneko zerbitzua ematen ari dira, txandaka. Tarteka bueltak ematen dabiltza. "Arazoa da lan batzuk utzi egin behar izan ditugula: landaketa batzuk, esaterako. Orain zen momentua bukatzeko. Mendiko lana estazionala da, ezin duzu atzeratu. Edo orain egiten duzu, edo gero jada mugitu da sustrai hutseko landarea eta ezin duzu aldatu hurrengo urtera arte. Ez du balio hamabost egun geldi egon eta gero lan gehixeago eginda bi hilabetean, errekuperatzea egin gabekoa. Landaketarako ez du balio". Era guztietako landareak ari ziren landatzen. "Esaterako, dunako landare mordoa eraman zituen itsasaldiak, eta oraintxe landatu behar genuen. Ez dakit hori egiterik izango dugun. Zarauzko Udalak ere Zingiran landatzeko prest zituen landareak".
Zulaikak azaldu du lurrarekin datozen landareak landatu daitezkeela aurrerago ere, udaberrian zehar, euri pixka bat egiten badu. Baina sustrai hutseko landareak, neguan hostorik gabe daudenak, horiek lurrean daude, eta hosto berdeak atera badituzte, ezin dira atera, mugitu direlako. Ateraz gero, lehortu egiten dira, ez dute heltzen.
Horregatik, landare batzuk kamera berezietan gorde dituzte. "Hozkailu handietan sartuta ditugu, ilunpetan, eta hotzean, esnatu ez daitezen. Horiek egin behar dira hartu eta egun berean sartu. Horrelako trukoak badaude, baina zientoka batzuk, ale batzuk bakarrik ditugu hozkailuetan".
Landare Berezien Azoka ere bertan behera
Hiru langilek zaintzen dute Aiako Iturraran Parketxea. Egun hauetan, negutegi barruko erregadioa bakarrik ari dira egiten. Astean bitan igotzen da langile bat, pare bat orduz ureztatzera barruko landareak. "Bisitaririk ez dago, eta belarra ari da hazten, baina tira, ahal denean moztuko da, larrialdi egoera pasatzen denean".
Landare Berezien Azoka egiten da urtero Aste Santuen bueltan Iturraranen. Aurten apirilaren 25eko asteburuan ziren egitekoak, baina bertan behera utzi behar izan dute, gainerako ekitaldi publiko guztiak utzi behar izan diren bezalaxe. "Antolaketa aldetik nahikoa aurreratuta zeuden lanak, baina ez geneukan ordainketa handirik eginda, adibidez. Ez gaitu bezperan harrapatu, hori izaten da txarrena. Hasieran pena hartu genuen, noski, baina ikusita egoerak zer bilakaera izan duen, pentsatzen duzu, ba hori izan dadila okerrena!".