Alba Menendez: "Itxialdiak taldeari baino gehiago, norberari eragiten dio"

Izaro Altzibar 2020ko mar. 31a, 13:26

Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina da Alba Menendez (Zarautz, 1991), eta COVID-19aren ondorioz, bizitzen ari diren egoera azaldu du.

Nola eragin dio konfinamenduak eskubaloi ligari?

Alarma egoeraren aurretik, ez genuen eraginik nabaritu partiden egutegian, apirilaren 4an baitzen jarraitzekoa eskubaloi liga, eta ez genekien jokatuko zen ala ez. Orain, alarma egoera beste bi astez luzatu dute, eta liga atzeratzea erabaki du federazioko arduradunek. Horrez gain, lanaren aldi baterako erregulazio txostena eskatzeko prozesua hasi du klubak.

Bitartean, nola mantentzen duzue sasoia?

Entrenatzaileak ariketak bidaltzen dizkigu etxean entrenatzeko, baina etxean egingarriak izan behar dute: gomekin edo bakoitzak etxean duenarekin egiten ditugu ariketak.

Nola eragiten dio konfinamenduak talde dinamikari?

Itxialdiak taldeari berari baino gehiago, norberari eragiten diola uste dut. Etxean nola edo hala egin dezakegu kirola, baina partidak jokatzera itzultzen garenean lesioak izateko aukerak areagotuko direla iruditzen zait, hainbeste egunez etxean egotearen ondorioz.

Nolakoa izango da itzulera?

Oraindik ez dakigu nolakoa izango den itzulera, baina konfinamendutik hurrengo partida jokatzerako tartea aste luze batekoa izatea espero dut. Hainbeste denboraz etxean egon ondoren, fisikoa martxan jarri beharko dugu berriro ere, eta astebeteko epea beharko dugu gutxienez horretarako.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide