Funtsezkoak ez diren jardueretako langileak ez dira lantokietara joango gaurtik aurrera, apirilaren 9ra arte. Larunbatean eman zuen Espainiako Gobernuak neurri berri horren berri, eta izatez indarrean atzo sartu bazen ere, hori arautzeko dekretua igande gauerdian argitaratu zen, beraz, hainbat enpresetan zalantzaz jarraitzen zuten atzo, beren jardunarekin jarraitu ahal izango ote zuten ziur ez zekitela. Hori dela eta, eskualdeko enpresa gehientsuenek ateak zabaldu zituzten atzo, 24 orduko epea izan baitute zalantzak argitu eta itxierarako antolatzeko. ELAko ordezkari Zigor Gazpioren arabera, bihartik aurrera ezingo dute zabaldu Urola Kostako lantoki gehien-gehienek, nahiz eta zerrenda zehatzik ez duten oraindik.
Eskualdeko enpresak
LAB sindikatuak emandako datuen arabera, Zarautzen, itxita daude Fresmak, Otzarreta, Elesa eta Arrona Hermanos. KSB Itur enpresak martxan jarraituko du, beren jarduna "beharrezkotzat" jotzen dutelako; Electro TAZ enpresak ere zabalik jarraitzen du. Aiako Ondozabalek ateak zabalik jarraituko du. Azkoitian Osatu, Gohita, Intza Group, Ordelan, Murua eta Sidenor lantegiak itxi dituzte; Sammic-en, etxera bidali dituzte ia langile guztiak. Azpeitian, berriz, ondoko enpresak daude itxita: Arimar, Areka, Ormola, Tecnicur, Glual, Tecnalia, Biele, Astigarraga Kit Line eta Sarralle. Larrañaga lantokia, momentuz, irekita dago. Aizarnazabalen ere itxi egin dituzte Migsa eta Obe Hettich. Zestoan, ondokoak itxi dituzte: Industrias Altzubia (Logure), Mecanizados TAR, Forjas Iraeta eta GRI Castings. Bombas Azcue zabalik dago momentuz, eta Goialde lantokiak zabalduko duen edo ez ez da ziurra. Zumaian, GKN automozio enpresa, Lagun Artea eta Balenciaga ontziola itxita daude, eta Mendiaraizek ere gaurtik aurrera ezingo du zabalik egon. Getarian eta Aian lantegiak dituen Indauxek dio ospitalerako altzariak egiten ari dela eta, sindikatuen arabera, "irekita mantentzeko ahaleginak egiten ari dira".
ELAko ordezkariaren esanetan, funtsezko zereginen zerrenda horretan sartzen ez diren hainbat enpresak "beharrezkoa den materiala" sortzen dihardute, eta hori egin ahal izateko martxan izan behar dute fabrika. Dena dela, Gazpiok uste du horrek ezin duela "aitzakia" izan enpresa osoa zabalik izateko. Horrekin lotuta, salatu du enpresek "etekin ekonomikoak bakarrik" hartzen dituztela kontuan, langileen osasuna albo batera utzita.
Babesa, oinarrizkoentzat
LAB sindikatuak salatu du enpresariak, orokorrean, "zirrikitu bila" dabiltzala beren enpresak irekita mantendu ahal izateko. "Orain, bat-batean, denen jarduna da behar-bebarrezkoa", azaldu du Aihotz Aiestaran LABeko ordezkariak. Horren aurrean, sindikatuak beharrezkoa ez den guztia itxi behar dela irmo defendatzen jarraitzen du: "Batetik, oso-oso zaila ikusten dugu industrian segurtasun neurri guztiak hartzea eta, bestetik, ez zaigu zentzuzkoa iruditzen industriara bideratzea babesteko materiala, Osakidetzako langileek, egoitzetakoek, etxez etxeko zaintzaileek edo supermerkatuetakoek ez dutenean nahikoa", adierazu du Aiestaranek. "Zertarako bideratu material hori kotxeentzako motorrak egiten dituen enpresa batera?" galdetu du. Izan ere, uste du "oinarri-oinarrizkoen segurtasuna bermatuta izan arte itxi behar direla gainontzeko enpresak".
Horrez gain, zalantza piztu da egunotan lana aldi baterako erregulatzeko txostena eskatuta zuten enpresen aurrerantzeko jardunarekin. Enpresa askok ez dituzte jaso oraindik eskaera horien erantzunak, baina LAB sindikatukoak azaldu du bost eguneko epean erantzunik jaso ez duten horiei onartutzat eman dietela erregulazioa, isiltasun administratiboa deitu diote. Iragan astean erregulazioa onartu zieten enpresek egoera hori indarrean izango dute aurrerantzean ere. Lana aldi baterako erregulatzeko txostena indarrean ez duten eta orain funtsezko jardunen zerrendan sartzen ez diren lantoki horietako langileak dira orain "galdutako" orduak aurrerago berreskuratu beharko dituztenak.
Lantokiak alarma egoeran
Momentuz halako ezer gertatuko denaren zantzurik ez badago ere, alarma egoera indarrean da Euskal Herrian ere, eta egoera muturrera iristen bada, posible da Estatuak enpresen kontrola hartzea. Horrek gehien eragingo die oinarri-oinarrizko ekoizpena duten lantokiei. Horien kasuan, Estatuak hala erabakitzen badu, armadak beraien gidaritza har dezake, eta zenbat eta zer epetan ekoiztuko den kontrolatu, langileen eskubideak (jai egunak, ordutegiak...) kontuan hartu gabe. Eskualdera begira jarrita, Okin enpresa litzateke halakorik aplikatzea posible den enpresetako bat, ogia ekoizten baitute lantoki horretan. Gainontzeko lantokiek ere badute arrisku hori, baina normalean ekoizten dutenarekin jarraitu beharrean, estatuak behar ditzake, horretarako baliabiderik baldin badauka, "benetan funtsezkoa" den hori ekoiztera. LABekoak garbi utzi du hori ez dela gertatuko jakien banaketa ondo bermatuta dagoelako, baina alarma egoerak baimentzen duela hori, eta horren jakitun izatea garrantzitsua dela.