Urola Kostako Udal Elkarteak atzeratu egingo du zaborraren gaineko zerga ordaintzeko epea, herritarren zama ekonomikoa arintzeko asmoz. Era berean, enpresak itxita dauden bitartean, ez zaie zabor tasarik aplikatuko Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako eragile sozioekonomikoei; hau da, merkataritzako saltoki txikiak, ostalaritza eta turismo-sektoreko nahiz ixteko agindu jaso duten bestelako enpresek. Udal Elkartea jakitera eman du lanean ari da, kaltetu guztiei horretarako beharrezkoa den dokumentazioa ahalik eta azkarren helarazteko.
Era berean, Garapen Agentziak krisi egoerari aurre egiteko laguntza neurriei buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzu iraunkorra du abian (943 89 08 08 telefonoa edota harrera@urolakosta.eus posta elektronikoa), eta buru-belarri dabil sortutako egoerari aurre egin eta eskualdeko enpresa, ekintzaile eta herritarrei aholkularitza eta babesa eskaintzeko. Martxan jarri diren neurri eta laguntzei buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen ari dira, bereziki krisiak zuzen-zuzenean eragin dien eskualdeko merkatari eta ostalariei, zerbitzuetako autonomo eta enpresei, eta turismo sektoreko eta kultura eta sormen sektoreko profesionalei bideratuta.
Udal Elkarteak azaldu du "bere baliabide guztiak" ari dela bideratzen krisi egoerari aurre egiteko. "Giza talde osoa lanean ari da, etengabeko koordinazioan, eskualdeko udalekin, eta lurraldeko beste garapen agentzia eta erakundeekin. Ezinbestekoa da ahalegin berezia egitea Garapen Agentziako zerbitzuetatik, bailarako ekimen sozioekonomikoa babestu eta suspertzeko neurri bereziak hartzeko; bereziki, merkataritza saltoki txikiak, ostalaritzako establezimenduak, kultura eta sormen nahiz turismo sektoreko enpresa eta eragile guztiak laguntzeko".