Eta Garagardo Azokarekin, zer?

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 29a, 14:00

Apirilaren 8tik 13ra egitekoak ziren garagardoaren festa. Zarautz Rugby Taldekoek jakinarazi dute oraindik data berrien inguruko erabakirik ez dutela hartu, baina beharrezkoa dela azoka egitea, Errugbi Saila mantendu ahal izateko.

Errugbi elkarteak antolatzen duen azoka Aste Santuan Zarautzen izan ohi den hitzordurik jendetsuena eta ezagunena da. Aurten festa apirilaren 8tik 13ra egitekoak ziren, baina koronabirusak ekarri duen egoera dela eta, ezingo dute egun horietan egin. Garagardo Azoka Zarautz Rugby Taldeak udaleko Turismo Sailarekin elkarlanean antolatzen du, beraz, hartu beharreko erabakiak elkarrekin hartuko dituzte.

Dani Higon elkarteko lehendakariak azaldu duenez, egoeraren bilakaera ikusi zain daude, azoka egutegian berriro txertatu ahal izateko; oraindik ez dute erabakirik hartu. "Gurea bezala, beste hainbat eta hainbat hitzordu geratu dira bertan behera, eta denoi ahalik eta kalte gutxien eragingo digun konponbidea bilatzen saiatu behar dugu". Halaber, azaldu du azoka egin ezean, Errugbi saila "desagertu" egingo litzatekeela. "Gure finantziazio iturri nagusia da", azaldu du Higonek.

Dena den, etorkizunera horrenbeste begiratu gabe eta egungo egoeraz oharturik, bai beraiek bai udalak "beste kontu batzuk" konpontzen dihardutela azaldu du. "Azokaren kontua momentuz aparkaturik dago. Kontua normaltasunera itzultzean hasiko gara bilerak egiten eta ikusiko dugu zer erabaki hartzen dugun".

Denboraldia, salbatuta

Espainiako federazioen elkarteak esan du ez duela kirol denboraldien inguruko erabakirik hartuko apirilaren 30era arte. Madrilen bildu dira kirol ezberdinetako federazioen ordezkariak, eta Higonen arabera, liga bertan behera uzteak arazorik sortuko ez lieketen lege-marko baten bila ari dira. "Posible da elkarteren batek salaketa sartzea, mailaz jaitsi daitezkeelako talde batzuk liga amaitu gabe, edo play off bat jokatu gabe gera daitezkeelako, esaterako, horretarako inbertsio garrantzitsua egin duten taldeak", azaldu du Zarautz Rugby Taldeko presidenteak.

Errugbi elkartekoek uste dute azkenean konponbideren bat bilatuko dutela liga bertan behera uzteko, eta maila igoerarik eta jaitsierarik ez izateko. Egoera hori balitz, ez lioke askorik eragingo Zarautz Rugby Taldeari, izan ere, sailkapenean laugarren doaz. "Aurtengoa trantsizio urtea zen lehen taldearentzat, harrobiko taldetik dozena bat jokalari berri etorri baitira, eta beterano askok utzi baitute taldea. Gure beldurra sailkapeneko behekalde arriskutsu horretan egotea zen, baina oso lan ona egin dute jokalariek eta ligaren eten horretara laugarren iritsi gara", jakitera eman du presidenteak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide