Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, droga trafikoa egotzita

Zarauzko Hitza 2020ko martxoaren 28a

Atzo eguerdian atxilotu zuten, A-8 autobidean jarritako kontrol batean droga atzeman ostean. Ertzaintzak isuna ere jarri dio 48 urteko gizonari, konfinamendu arauak ez betetzeagatik. Auzibidea zabaldu diote gizonari.

Atzo, ostirala, 48 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak droga trafiko delitua egotzita. Konfinamendu neurriei lotutako kontrola jarri zuen Ertzaintzak A-8 autopistan, Zarauzko ordainlekuaren parean, eta han atzeman zuten gizona.

13:00 aldean jazo zen atxiloketa. Ertzaintzak adierazi duenez, “ausaz” ari ziren autoak geldiarazten, bidaiaren nondik norakoak galdetzeko. Gizonak "koherentziarik gabeko” erantzunak eman zituztenez, identifikatu egin zuten eta haren autoa erregistratu egin zuten. Ertzaintzak ehun gramo hauts zuri eta gramo bateko hiru poltsatxo speed atzeman zizkion.

Droga trafikoa leporatzeaz gain, isuna jarri zioten konfinamendu arauak ez betetzeagatik. Gizonari auzibidea zabaldu diote.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide