1-
Birusan menpe gaude
gu azken denboran
Galdera da ondoren
zer gertatuko dan
Txoria txori kanta
beti dago modan
Orain txoriak hegan
eta gu kaiolan
Irtengo gara noski
kontua da nolan
2-
Benetan oso latza
bere eragina
Egunez egun doa
larritzen, jakina
Milaka hildakoak
itzela samina
Pandemia petoa
inolaz arina
Ta saihesteko tresnak
ez behar adina
Inaxio Uria “Isasti”(2020-III-26)
3-
Eritetxeak daude
erabat gainezka
Langileak itotzen
eta beste kezka
Sendagai murrizketa
nolatan ordezka?
Babesgarriak eskas
ta denak galdezka
Zergaitikan dagoen
dena aldrebeska
4-
Ikusirik ze maila
duen izurriak
Konpontzeko bidean
lehenengo neurriak
Gobernuak daudenez
dirutik urriak
Banketxeek dituzte
diru iturriak
Kredituen menpean
loturik herriak
5-
Bi mila ta zortzian
sortu zen krisia
Eredugarria da
bertan ikusia
Kiebran zeuden bankuei
emanaz bizia
Gobernuak ondoren
aldatuz tesia
Bankuei eskatuaz
dirua, bitxia!
6-
Beraz orokorrean
momentu honetan
Argi ta garbi dago
hau nire ustetan
Diruak agintzen du
arlo guztietan
Gobernu oro dago
beren eskuetan
Hau justua ote da?
Tristea benetan!