Adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta langileei koronabirusaren proba egitea eskatu du LABek

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 28a, 12:53

Adineko egoitzetako pertsonak babesteko ekipamendu nahikoa bermatzea ere eskatu du sindikatuak. LABen arabera, alarma egoerak agerian utzi du Gipuzkoako gizarte zerbitzuen sistemaren "hauskortasuna". Gainera, adinekoen egoitzetan, langile bakoitzarentzat jarduera protokolo "eraginkor eta egokirik" ez dagoela salatu du.

Adineko egoitzetan diren egoiliar guztiei eta horietan lan egiten duten behargin denei COVID-19 birusaren probak berehala egiteko eskatu du LAB sindikatuak, gaur, ohar bidez. Horrez gain, adineko egoitzetan diren pertsona guztiei babesteko ekipamendu nahikoa bermatzea eta adinekoei merezi duten kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren baliabideak egoitzen eskura jartzea ere eskatu du.

LABen arabera, alarma egoerak agerian jarri du Gipuzkoako gizarte zerbitzuen sistemaren "hauskortasuna".  Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, pertsonen osasuna bermatzea da "lehena eta funtsezkoa", eta horregatik, besteak beste, gizarte zerbitzuak indartzea eskatu du: "Pertsonen osasuna babesteak berarekin dakar horiei zuzendutako gizarte zerbitzuak indartzea, kutsatzeko arriskua hilgarria izan daitekeelako".

Adinekoen egoitzetan, langile bakoitzarentzat jarduera protokolo "eraginkor eta egokirik" ez dagoela salatu du. "Maskaren eta norbera babesteko ekipamenduen faltak langileak eta egoiliarrak kutsatzea ekarri du, eta kutsatuen kopurua goraka doa. Urola Kostako egoitzak ere horren adibide ari dira izaten: beharrezko materiala berandu iritsi izanak gaixotasuna zabaltzea ekarri du, eta horren adibide da Zarauzko Santa Ana egoitza".

Egoitzetako langileek beren familiak kutsatzeko duten arriskua ere izan du hizpide LABek, eta salatu du horiek babesteko neurririk gabe lanean aritu izanak beren familietan koronabirusa "era gordinean" bizitzea eragin duela, "familia osoak kutsatuz".

COVID-19 birusaren proban positibo eman dutenen kopurua hazten ari da egunotan Gipuzkoan, baita lurraldeko adinekoen egoitzetan ere. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 91 urteko emakume bat hil zen herenegun Zarauzko Santa Ana egoitzan. Gipuzkoako egoitzetan hil zen lehena izan zen.

Atzora arteko datuen arabera, 76 koronabirus kasu atzeman dituzte Gipuzkoako 52 adinekoen egoitzetan. Horietaik bost kasu Zarauzko Santa Ana egoitzan atzeman dituzte, eta bi Zumaiako Otezurin. Eskualdeko gainerako adinekoen egoitzatan ez dute kasu positiborik zenbatu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide