Aterperik gabeko pertsonen arreta indartzen jarraitzeko asmoa azaldu du aldundiak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 28a, 09:52

Egoitza-bazterketa egoeran dauden pertsonak Orioko Txurruka aterpetxera bidaliko dituzte aurrerantzean, eta Zarauzko aterpetxea ere ari dira horretarako prestatzen. Bestalde, azaldu dutenez, ez dute koronabirus kasu berririk atzeman atzotik eskualdeko egoitzetan. 

Kalean dauden pertsonen arreta indartzen jarraitzeko asmoa agertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Koronabirusaren bueltan egunero ematen ditu azalpenak erakundeak, eta gaur jakinarazi du aterpetxe batzuk egokituko dituela egoera zaurgarrian eta babesgabean dauden herritarrentzat.

Hain zuzen ere, Hondarribiko aterpetxeaz gain, Oriokoa ere egokituko dute egoitza-bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat. “Caritasen Hotzaldi baliabideari laguntza emango diogu, eta, gaur bertan, 20 pertsona eraman dira Orioko aterpetxera”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Zarauzko aterpetxea prestatzeko lanean ere ari direla esan du hark.

Aldundiak esan du udalekin, hirugarren sektoreko elkarteekin eta Osakidetzarekin elkarlanean ariko direla. “Udalen eta gizarte eragileen arreta baliabideak indartzen jarraitzea da helburua, horrela, testuinguru honen aurrean, egoera zaurgarrietan eta babesgabean dauden pertsonak babesten jarraitzeko”.

Bestalde, foru erakundeak adierazi duenez, atzotik gaurrera ez dute atzeman koronabirus kasu berririk eskualdeko egoitzetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide