Sindikatuen deialdiarekin bat egin dute Jolas eta Fresmak enpresetako langileek

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 27a, 16:08

'Haserre gaude!' lelopean mobilizatzera deitu ditu gaurkoan gehiengo sindikalak langileak, lantokietatik zein etxeko balkoietatik.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute gaurko Haserre Eguna, "osasuna, lan baldintzak eta enplegua defendatzeko" aldarrikapenekin. Zarautzen, Fresmak eta Jolas enpresek egin dute bat mobilizazioekin.

LAB sindikatuak azadu duenez, jakin dute jendea haserre dagoela egoerarekin, baina ohiko mobilizazioak ez direnez, "kudeaketan zailtasunak" izan dituztela askok. "Horrek ez du esan nahi langileak oso haserre ez daudenik, batez ere, beharrezko zerbitzuetan dihardutenak". Azaldu dutenez, beharrezkoa ez den guztia geldi dadila ari dira eskatzen Osakidetzako langileak, eta LABek aldarrikapen horri eutsiko diola baieztatu du.

Koronabirusa gelditzeko hartutako neurrien ondorioz, enpresa batzuk aldi baterako enplegua erregulatzeko txostenak ari dira aurkezten Eusko Jaurlaritzan. Beste enpresa batzuek lanean jarraitzen dute, langileek etxean gelditu nahi duten arren. Osasun arloko eta beste arlo batzuetako behargin asko, gainera, babes neurri egokirik gabe ari da lanean.

 

Jolas enpresako langileak. (LAB)

Fresmak enpresako langileak. (LAB)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide