Eskuak garbitzearen garrantziaz koronabirusaren krisiaren lehen egunetik ohartarazi dute osasun zerbitzuek, eta horiek behin eta berriz esan dute eskuekin ukitu ohi diren elementuak –ateak, heldulekuak eta abar– ukitzeak kutsatzeko aukerak areagotu ditzakeela. Gainera, beste neurri batzuk hartzea ere gomendatu du Eusko Jaurlaritzak. Dena den, birusa berria izanik, ikerlari asko ari dira azterlanak gauzatzen. Besteak beste, birusak material bakoitzean zenbat denborako biziraupena duen ikertzen ari dira.
Koronabirus kasuak areagotzen ari diren honetan, asko dira herritarrek dituzten galderak. Nola kutsa daiteke pertsona bat? Airean al dago birusa? Etxea nola garbitu dezakegu birusa ez zabaltzeko? Zeintzuk dira garbitu beharreko elementuak? Galderak asko, eta erantzunak beste hainbeste. Hala eta guztiz, badira kutsatzea saihesteko gomendioak eman dituzten osasun elkarteak. Horietako bat da Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, eta hain zuzen ere, koronabirusa duen pertsona batekin bizi diren bizilagunen artean birusa ez zabaltzeko hartu beharreko neurri bat izan du hizpide: etxea desinfektatzea.
Garbitzeko produktu bi nahastea iradoki du elkargoak: ur litro bakoitzeko hogei zentimetro kubiko lixiba nahastu. Etxea disoluzio horrekin desinfektatu behar da, baina batez ere, gau-mahaiak, mahai gaineko lanparak, komuna, dutxa, iturriak, telebistako mandoa eta etxetresnetan garbitzea aholkatu du. Horiez gain, baina, izarak, telefono mugikorrak, ordenagailuak eta sukaldeko ontziak ere arretaz garbitzea proposatu du elkargoak. Horiek garbitzeko produktuak minutu batzuetan egon behar du kontaktuan desinfektatu nahi den elementuarekin, eta gero zapi batekin lehortzea gomendatu dute.
Koronabirusa duen edo izan duen pertsonak osasun zerbitzuek agindutako epe tartea pasatu behar dute gela batean bakartuta, eta gela horretako atea ixtea eta gela aireztatzea garrantzitsuak direla azpimarratu du elkargoak. Pertsona horiek etxeko gainerako guneetara ez joatea ere gomendatu du, eta gelatik atera behar duten kasuetan, etxeko gainerako bizilagunengandik metro batera edo bira egotea aholkatu du.
Koronabirusagatik isolamendu asteak pasatu dituzten pertsonen gelak eskularruak jantzita garbitu behar dira, eta lanak bukatzean, horiek bota egin behar direla adierazi dute. Gainera, eskularru horiek eskuetatik ezin direla edozein modutan kendu esan dute; izan ere, esku garbiek eskularru zikinak uki ditzakete. Gainera, eskularruak janzterako nahiz kentzerako eskuak garbitu behar direla gogorarazi du elkargoak. Dena den, gela hori garbitzeko erabilitako zapiak eta eskularruak berriz ez erabiltzeko eskatu du.
Zer biziraupen du material bakoitzean?
Asko dira SARS-CoV-2 birusaren biziraupena aztertzen ari diren ikerlariak eta horiek gauzatzen ari diren ikerketak. Dena den, lehen emaitzak plazaratu dituzte batzuek dagoeneko. Horietako bat da New England Journal of Medicinek argitaratutako azterketa: izan ere, birusak hiru egun biziraun dezake plastikoan eta altzairuan, eta 24 ordu, berriz, kartoian. Bestalde, kobrezko elementuetan lau ordu baino ez ditu irauten birusak bizirik. Material horiez egindako elementuak eta gailuak –heldulekuak, ordenagailuen teklatuak, garraio publikoak, sakelako telefonoak, jostailuak…– ondo desinfektatzea gomendatzen dute osasun zerbitzuek, nahiz eta gaur-gaurkoz dituzten datuen arabera, pertsonen artean zabaltzen den gehien birusa.