Konfinamenduan ErasoStop aplikazioak martxan jarraitzen duela gogorarazi du udalak

Zarauzko Hitza 2020ko martxoaren 28a

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egoera gehiago larritzen du konfinamenduak. Hori dela eta, Zarautzen ErasoStop aplikazioak martxan jarraitzen duela gogorarazi du udalak.

Indarkeria matxistari aurre egiteko ErasoStop aplikazioak martxan jarraitzen duela jakinarazi du Zarauzko Udalak. Doakoa da aplikazioa, eta azaldu dute helburua dela, "emakume batek bere etxean indarkeria jasatzen badu, laguntza modu erraz, azkar eta seguruan eskatzea".

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak hala adierazi du prentsara helarazitako oharrean: "Gogoratu nahi dut Zarautzen indarkeria egoeretarako baliagarria izan daitekeen ErasoStop aplikazioa daukagula, etxe barruan erabili daitekeena. Konfinamendu egoerak larritu dezakeela uste dugu beraien etxeetan tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen egoera zaila".

Emakumeren batek etxean eraso matxistarik jasaten badu, sakelakoan ErasoStop aplikazioa ireki eta bertan dauden bi botoietako bat sakatu behar du laguntza eskatzeko; hain zuzen, Eraso bat jasaten ari naiz dioen botoia.

Udaltzainek, geolokalizazioaren bidez, emakumea non dagoen jakingo dute eta bertara joango dira. Parekidetasun zinegotziak gogorarazi du aplikazioa "arduraz" erabili behar dela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide