Koronabirusaz kutsatutako eskualdeko herritarren kopurua goraka doa. Eusko Jaurlaritzak egunero ematen dituen datuek halaxe baieztatzen dute, eta gaurkoak ere ez dute berri onik ekarri: Izan ere, dagoeneko 58 kasu daude Urola Kostan, atzo baino bederatzi gehiago. Zarautzen dago foku inportante bat: zazpi kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta guztira 41 dira gaitzak jotako herritarrak. Azpeitian eta Zumaian kasu berri bana topatu dute. Hala, Azpeitian hiru dira kutsatutakoak eta Zumaian jada zortzira iritsi da kopurua.
Gainerako herrietan ez da gorabeherarik: Getarian eta Azkoitian bina herritarrek dute COVID-19 gaitza; eta Aian eta Orion bana herritarrek. Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuak horiek izanagatik, gehiago ere izan daitezke benetan gaixorik daudenak.
Euskal Herriari erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ondorengo datuak eman dituzte azken 24 orduan koronabirusak izan duen bilakaeran inguruan. Guztira, 655 positibo gehiago jaso dituzte eta 34 herritar hil dira gaitzaren ondorioz. Horrenbestez, dagoeneko 6.242 dira Hego Euskal Herrian baieztatu dituzten koronabirus kasuak eta 265 herritar dira gaitzak hil dituenak.
Bizkaia da kutsaturik gehien dituen herrialdea, 2.186rekin; atzo baino 340 positibo gehiagorekin. Nafarroan 1.610 lagun ditu kutsatuta, atzo baino 241 gehiago; Araban 1.145 , atzo baino 167 gehiago; eta Gipuzkoan 805, atzo baino 142 gehiago. Aldiz, Araba da koronabirusaren eraginez hildako gehien dituen lurraldea, 103rekin; Bizkaian, 73 hil dira orain arte; Nafarroan, 58; eta Gipuzkoan, 25.
Araba, Bizakaia, Gipuzkoa eta Nafarroan koronabirusa duten 2.297 herritar daude ospitaleratuta. Ospitaleko senda agiria jaso duten herritarrak, berriz, 775 dira.