Nola jaso duzu konfinamenduaren berria?
Ni Australian nengoen txapelketa bat jokatzen, eta Zeelanda Berrira joatekoa nintzen txapelketa guztiak bertan behera geratu zirela esan zigutenean, beraz, ez nintzen joan. Bi asteko itxialdia zetorren Euskal Herrian eta Zarautzera ahalik eta azkarren itzultzea erabaki nuen. Egunean bertan hartu nuen hegaldirako txartela, eta eskerrak. Australiatik Munichera joan nintzen eta Munichetik Bilborako hegaldia bertan behera gelditu zen. Madrilera joan nintzen orduan, eta nire bila etorri ziren Madrilera. Pixka bat gehiago luzatuko balitz hegaldia, agian oraindik atera ezinik egongo nintzatekeen.
Ekainera atzeratu duten surfeko mundialean parte hartuko duzu?
Bai. Surfeko mundialean sailkatuko dira olinpiar jokoetan parte hartuko duten surflariak eta pixka bat gehiago atzeratu beharko luketela uste dut. Surflari asko etxean gaude, entrenatu ezinik, baina Australian, adibidez, baimena dute surfeatzeko. Ez gaude baldintza berdinetan, eta gogorra da. Hala ere, gehiago atzeratuko dutela uste dut, eta konfinamendua bukatzean ahal bezain beste entrenatuko dut.
Nola eragingo dizu ez badute atzeratzen?
Kalte handia egingo lidake. Egun asko dira surfean aritu gabe, eta gehiago etor daitezke. Herrialde askotan gaude horrela, baina esan bezala, australiarrek surfeatzen jarraitzen dute, eta txapelketa atzeratu ezean, suntsitu egingo gaituzte. Etxean entrenatzen dugu, baina ez da berdina.
Olinpiar jokoetarako sailkatzeko aukerarik ba al duzu?
Zaila izango da, kirol guztietan bezala, baina aukerak ditudala uste dut. Iazko txapelketan oso emaitza onak lortu nituen. Jende on asko doa, baina sailkatuta daude asko, eta horiek ezin dute aurten sailkatu. Lehen sei edo zazpi postuetan sailkatu beharko nintzateke, baina hamargarren egingo banu, eta nire aurretik sailkatutakoak badaude, ni ere sailkatuko nintzateke. Horregaitik uste dut aukerak baditudala.
Lehen aldiz izango da surfa Olinpiar Jokoetan gainera.
Hala da, dena berria da eta surfak gero eta posizionamendu hobea du zentzu horretan. Jendeak gero eta gehiago entrenatzen du eta aldaketa handia ari gara egiten surfean, eta Olinpiar Jokoen ondoren are handiagoa izango da.
Nola entrenatzen duzu orain?
Zirkuitu batzuk egiten ditut egunero, ordu eta erdiz edo bi orduz, eta yoga ere egiten dut. Bizikleta estatiko bat ere badut etxean, ahal dudana egiten dut.
Psikologikoki nola eragiten dizu?
Gogorra da, baina, azken finean, tokatzen zaiguna da. Egoera arraroa da, eta aurten ezin badut olinpiar jokoetarako sailkatu, 2024rako sailkatzen saiatuko naiz.