Online laguntza indartu du Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak

Zarauzko Hitza 2020ko martxoaren 27a

Pazienteeentzat telefono eta bideo kontsulta zerbitzua areagotu dute. Laguntza psikologikoa eta arreta sozialeko zerbitzua eskainiko dute egunero 24 orduz doan. 

Konfinamenduan laguntza psikologiko eta gizarte zerbitzuen eskaerak gora egin dute. Horri erantzunez,  Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak indartu egingo du minbizia duten pazienteei eta haien senideei ematen dieten doako laguntza. Hala, gaixoek telefonoz nahiz bideo deien bitartez jaso ahalko dute laguntza profesionalen eskutik. Urola Kostako gaixoentzat arreta eguneko 24 orduetan eskainiko dute 943-13 32 36 telefonoan.

Psikoonkologian espezializatutako psikologo bat eta gizarte langile bat dira saioez arduratuko direnak, eta modu digitalean edo telefonoz, gizarte arloko terapiekin, laguntzarekin eta aholkularitzarekin artatuko dituzte pazienteak. Zerbitzu hau gaixoek ez ezik, zaintzaileek ere erabili ahal izango dute. Erretzeari uzteko terapiak ere banaka eskainiko dituzte.

Zerbitzuaren oinarria pazienteen emozioei eustea da, momentuko eta presazkoa den lasaitasuna eskaintzeko. Elkarteak zurekin@aecc.es posta elektronikoko helbidean jasoko ditu gipuzkoarren proposamenak, minbizia duten pertsonen egunerokoa eramangarriagoa izaten laguntzeko. Era berean, Zarauzko Minbiziaren Aurkako Elkartearekin harremanetan jarri nahi dutenek 943-13 32 36 telefonora dei dezakete.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide