Udalak Planetaren Ordua ekimenean parte hartzeko eskatu die herritarrei

Zarauzko hitza 2020ko martxoaren 26a

Nazioarteko ekimen honen harira, mundu osoan itzaliko dituzte eraikinetako argiak larunbatean, 20:30etik 21:30era, klima aldaketaren aurkako borroka ikusarazteko helburuarekin.

COVID-19aren pandemia medio, Zarauzko Udalak bertan behera utzi du udal eraikinetako argiak itzaltzeko aurreikusi zuten ekimena. Hala ere, Gloria Vazquez Agenda 21 eta Ingurumen zinegotziak herritarrak Planetaren Ordua ekimenean parte hartzera bultzatu nahi ditu herritarrak. Hala, larunbatean, 20:30etik 21:30era, balkoira irtetea eta beraien mugikorretako linternekin mezu itxaropentsu bat bidaltzea eskatzen zaie, morse kodearen bidez.

Azaldu duenez, parte hartzeko ez da beharrezkoa morse alfabetoa jakitea, eta Play Store edo Apple Storen dauden aplikazioez baliatzea gomendatu du, erraztasunez egiteko.

Urtero bezala, klima aldaketaren aurkako borroka posible dela ikusarazteko helburuarekin sortutako ekimena da, eta #Etxeangelditu eta bat egin Planetaren Orduarekin lelopean egingo dute aurten.

Azkenik, Planetaren Ordua ekimenaren antolatzaileen hitzak ekarri ditu zinegiotziak: “Planetaren Orduaren izpiritua itxaropen dei bezala izan behar dugu, bateratasun eta lankidetza mezua helarazteko, gizarteak aurrez aurre dituen mehatxu handien aurrean: klima aldaketa edo naturaren suntsipena, adibidez”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide