Astebetetik gora daramate dagoeneko herritarrek konfinatuta, eta beste hainbeste eta gehiago egon beharko dute egoera horretan; izan ere, Espainiako Gobernuak beste bi astez luzatu du alarma egoera eta, beraz, itxialdiaren epea.
Egoera hori izanik, azken egunetan Ertzaintza eta tokian tokiko Udaltzaingoa kontrolak ezartzen ari dira errepideetan eta garraio kolektiboaren geltokietan. Kaletik patruilatzen ere ibiltzen dira, kalean dauden herritarrak baimendutako ekintzak soilik egiten ari diren kontrolatzeko. Orokorrean, denek diote herritarrak «ondo» errespetatzen ari direla egoera berrian ezarritako arau zorrotzak, baina badaude salbuespenak ere. Jendarteko ohiko iruzkina bihurtu da azkenaldian txakurra paseatzearen aitzakiarena, edo ogia erostera etxetik urrutien geratzen den okindegira joatearena. Halakoak garesti atera daitezke, ordea; izan ere, estatuak tramitatutako kopuru oso altuetako isunak ari dira jartzen arau hausteengatik. Gainera, Ertzaintzak edo Udaltzaingoak ez bada, litekeena da balkoi, leiho edo terrazatik begira dauden bizilagunek jartzea salaketa arauak hausten ari den baten baten aurka. Herri ekimenen bat ere abiatu dute, Txibato, balkoietatik kanpora lelopean.
Kopuruak zenbait herritan
Azkoitian, esaterako, Xabier Artola udaltzain buruaren arabera, joan zen asteburuan, 25 identifikazio egin zituzten. Dena den, Herritarren Segurtasunerako Legea hausteagatik, salaketa bakarra izapidetu dutela adierazi du. “Orokorrean, herri guztietan antzera gabiltza”, gaineratu du. Udaltzainak Ertzaintzarekin ari dira elkarlanean, eta herritarrei “zentzuz” jokatzeko eskatu diete, beren esku-hartzea zenbat eta murritzagoa izan “hobe” dela argudiatuta. “Horrek esan nahiko du herritarrak zuzen ari direla beren betebeharrak gauzatzen. Eta oraingoz, horrela da. Egoera honek pazientzia eta babesa eskatzen du, norberarentzat eta ingurukoentzat”.
Getariako herritarren ia %100 zorrotz ari da betetzen konfinamendua, hango Udaltzaingoaren arabera. Salbuespenak salbuespen, isunik ez dute jarri oraingoz, eta Udaltzaingoak azaldu du gehienbat astelehenetan eta ostiraletan ikus daitekeela jendea herriko kaleetan. Asteburuetan, hutsik somatzen da herria haien arabera.
Zumaiarren kasuan, herritarren jarrera txalotu du hango Udaltzaingoak. “Herritarren portaera ona da, oso ona dela ez esateagatik, baina, beti egongo da norbait itxialdia hautsi nahi duena”, azaldu dute.
Kalean ibiltzeko arrazoirik ez zuen jendea identifikatu behar izan dutela ere gaineratu dute, baita batzuei isunak jarri dizkietela ere.
Jarrera on hori Zumaian bakarrik ez, inguruko beste herrietan ere mantentzen ari dela informatu dute. “Zarautzen, Getarian, Orion… Orokorrean, errespetatzen ari dira itxialdia”.
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei egoeraren aurrean gehiengoak azaldu duen konpromisoagatik, baina, eskualdeko herri handiena izanik, Udaltzaingoak herritarren artean zabaldutako espedienteen kopurua ere bertan izan da handiena, baita orain artean atzemandako koronabirus kasuen kopurua ere.
Guztira, azken astean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 50 espediente zabaldu dituzte Zarautzen, konfinamendu agindua zorrotz ez betetzeagatik. “Eskerrak eman nahi dizkiet Udaltzaingoari eta Ertzaintzari une gogor hauetan egiten ari diren lan handiagatik”, gehitu du Txurrukak, prentsari helarazitako oharrean.
Lurraldeko datuak
Gipuzkoako datuak Arabakoekin eta Bizkaikoekin alderatuz gero, salaketa eta identifikazio gehiago izan dira, nabarmen, martxoaren 21era arteko kopuruen arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, kaletik zihoazen 3.840 lagun identifikatu dituzte arauak hausteagatik, eta horietatik 2.255 (%59) Gipuzkoan izan dira. Salaketak, berriz, 1.256 izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietako 514 (%40), Gipuzkoan.
Datu horiek bi irakurketa desberdin izan ditzakete: Gipuzkoako herritarrek konfinamendua ez dute Bizkaian eta Araban bezainbeste errespetatzen, edo indar polizialak besteetan baino zorrotzagoak dira. Ondorioak ondorio, goraka doaz leku guztietan arauak ez betetzeagatik ezarritako zigorrak, baita salaketa kopuruak ere.