Esan dezadan hasieratik: ez dut uste krisi honek ezen gerra ez dena, ez dago ez heroi ez martiririk..., aldatuko gaituenik. Pasatuko da eta baldintza objektiboak aldatuko badira ere, kolpe ekonomikoa handia izan baitaiteke eta batzuek pobretuko baitira beti bezala, betiko batzuk pobretuko dira, betiko batzuk ez, gure bizimoduek, ene uste harroan, berdin jarraituko dute. Amaituko da zorigaitzeko istorio hau planetak eskertuko duena, bidenabar esanda!, eta guztiok, edo gehienok behintzat, lehengora itzuliko gara. Ez akaso lehengo lanera, galdu egingo dutelako askok, baina bai lehengo bizimodura. Pasatuko da krisia eta gure egunerokoak estaliko ditu gure on asmoak eta asmo onak, eta orain balkoitik balkoira solaskide dugun auzoarekin, lehen bezala, eskaileretan iepa bat eginda harremanduko gara; gure kultur eta arte trebetasunak tiraderara itzuliko dira; itxialdian zehar akordatu garen eta aspaldiko partez agurtu ditugun lagunak lehengo maiztasun-ezera itzuliko dira; guasap berriek zaharrak estaliko dituzte eta email berriek zaharrak atzera botako; amari, amonari, aitonari... lehen bezain gutxi egingo diogu kasu; eta zaurgarrienekin lehen adina akordatuko gara. Ia deus ez, alegia. Orain denon hizpide diren zaharren egoitzak pixkanaka beren lehengo egoerara itzuliko dira, itzuliko dira gure bizi-hondakinen sei edo zazpigarren edukiontzia izatera (gris kolorekoa, nola ez). Mugimendu feminista ahaleginduko da ekartzen zaintzaren gaia eta bizitza erdigunera aspaldian hark mantentzen du tentsioa eta zentzu sozial apurra, hainbat ekintzaile eta langilek eutsiko diote, baina orokorrean iruditzen zait errutina, dakarren guztiarekin, gailenduko dela eta euria (edo negarra) itsasoan bezala urtuko direla gure asmo solidarioak.