Zarautz da Urola Kostako herrietan koronabirusak jotako gaixorik gehien dituena —21 ziren atzo— eta horietatik bost Santa Ana egoitzako egoiliarrak direla jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira 37 dira Gipuzkoako bost egoitzetan positibo eman duten adineko pertsonak, eta beste hamahiru, desgaitasuna duten pertsonentzako bi egoitzetan eman dutenak. Horietatik lau erietxean daude eta beste bi Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan artatuak izaten ari dira.
Egoitzetan egon daitezkeen koronabirus fokoak suntsitu nahian, suhiltzaileak egoitzak desinfektatzen ari dira egunotan. Hain zuzen ere, larunbatean amaituko dute lehen itzulia. Bost edo sei laguneko taldetan ari dira desinfekzio lanak egiten, eta egoiliarrek partekatzen dituzten guneak, korridoreak, sarrerak, ateak, eta abar garbitzen dituzte, hipokloritoa oinarri duen soluzio bat erabilita. Ondoren, logelak enpresa espezializatu batek desinfektatzen ditu.