Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Zarautzen hamazazpi lagun daude Covid-19 gaixotasunarekin kutsatuta, eta Urola Kostan 22 dira baieztatutako kasuak. Azken 24 orduetan lau kasu berri atzeman dituzte Zarautzen eta beste bat Getarian. Dena dela, horiek baino gehiago izan daitezke gaixorik dauden herritarrak.
Euskal Herrian, berriz, orain arte 2.899 pertsona gaixotu ditu gaitzak, eta 112 hil. Araban dago gaixo gehien (912). Azkeneko egunetan, Nafarroan ere asko ugaritu dira (794), eta Bizkaian ere gora egiten ari da kurba (860). Gipuzkoa doakie atzetik (273), aurreneko gaixoetako bat bertan atzeman zuten arren.
Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak: Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 32 gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri eraman dituztela Baionako erietxera, Lapurdin. Zuberoako gaixoak Paueko ospitalera eramaten dituzte, eta han hil zen zuberotar bat. Beste zuberotar bat ere bada Paueko erietxean.