Egunetik egunera, geroz eta gehiago dira Zarautzen koronabirusarekin kutsatu diren herritarrak. Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu dituen datuen arabera, atzotik bi kasu gehiago atzeman dituzte herrian, hamairu koronabirus kasura iritsiz. Urola Kostako gainontzeko herrietan ez da aldaketarik izan; Getarian, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian baieztatutako kasu bana dute, eta gainontzeko herrietan ez dute koronabirus kasurik antzeman, oraingoz.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak baieztatu du 1.725 direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusa duten herritarrak, atzo baino 260 gehiago. Azken 24 orduetan hamalau lagun hil dira eta dagoeneko 85 dira hildakoak. Gipuzkoa da kutsatu gutxien dituen lurraldea, 273 —atzo baino 50 gehiago—, eta hamaika lagun hil dira lurraldean gaixotasunaren eraginez.