Koronabirusak jotako hamaika lagun daude Zarautzen

Zarauzko hitza 2020ko martxoaren 20a

Zarautzen bezala, Urola Kostan ere gora egin du kutsatutako lagunen kopuruak, zazpi ziren atzo eta gaur 15 dira; hamaika Zarautzen, eta bana Azkoitian, Azpeitian, Getarian eta Zumaian.

Koronabirusak jotako herritarren kopurua hazten ari da Euskal Herrian, eta gora egin du Zarautzen ere. Baieztatutako sei kasu ziren atzo, eta gaur, berriz, hamaika dira, Eusko Jaurlaritzak eman dituen datuen arabera. Dena dela, benetako kutsatuen kopurua handiagoa izan daiteke.

Zarautzen bezala, Urola Kostan ere gora egin du kutsatutako lagunen kopuruak; zazpi ziren atzo eta gaur 15 dira; hamaika Zarautzen, eta bana Azkoitian, Azpeitian, Getarian eta Zumaian.  

Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzak gaur egurdian eman ditu koronabirus kasuen inguruko datu eguneratuak. Atzotik 275 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.465 lagun daude kutsatuta hiru lurralde horietan: 703 Araban –atzo baino 82 gehiago–, 539 Bizkaian –atzo baino 146 gehiago– eta 223 Gipuzkoan –atzo baino 47 gehiago. 550 daude erietxeetan, eta atzoz geroztik, hemezortzi pertsona hil dira: guztira, 71 dira zendutakoak –48 Araban, hamazazpi Bizkaian, sei Gipuzkoan bost.  

Nafarroan, berriz, 593 dira gaitzak jotako herritarrak, atzo baino 111 gehiago. Azken 24 orduetan hildako bat izan da Nafarroan, eta guztira sei dira koronabirusagatik hil direnak. Han, 195 lagun daude erietxean.

Ipar Euskal Herriko datuak berriz, ez dira zehatzak. Izan ere, Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu, eta Pirinio Atlantikoetan hogei gaixo atzeman dituzte, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri eraman dituztela Baionako erietxera, Lapurdin; Zuberoako gaixoak Pauko ospitalera eramaten dituzte, eta han hil da zuberotar bat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide