Pasa den igandetik etxean egoteko agindua dute herritarrek, eta ezinbesteko joan-etorriak egiteko bakarrik atera daitezke kalera. Egoera berriak guztiz aldatu du herritarren egunerokoa, eta batek baino gehiagok antzeman du etxean bakartuta dagoenetik maiz-maiz egiten dituela hozkailurako joan-etorriak. Alazne Agirrezabalaga dietistaren esanetan, ez da joera berria, normalean ere, etxean daudenean hozkailura hainbat buelta egiteko ohitura izaten dutelako herritar askok. "Ohitura horri gizartea bizitzen ari den ezjakintasun eta urduritasun egoera gehitu behar zaizkio. Langileak eta enpresari txikiak alarma egoerak eragingo dituen ondorio ekonomikoez kezkatuta daude, eta beste asko berriz, arduratuta daude gaixotasunak ingurukoen artean izango duen eraginagatik. Kezka horiek kudeatzen ez dugu ikasi, eta zenbait herritarrek jaten lasaitzen du barruan daramaten urduritasuna". Hori dela eta, egunotan "gaizki eta gehiegi" jateko arriskua dagoela azpimarratu du Agirrezabalagak.
Horrelako kasuetan, gomendioa argia dela uste du dietista-nutrizionistak, "etxean osasungarriak ez diren elikagaiak izatea ekidin behar dugu. Eskura baditugu errazagoa delako otorduz kanpo mokadutxo txikiak jatea. Horregatik, gailetak, patata frijituak, hestebeteak, alkoholdun edo azukredun edariak, eta horien antzeko produktuak ez ditugu erosi behar". Gainera, Agirrezabalagak azaldu du, elikagai eta produktu horiek ezaugarri komuna dutela, "edozein unetan jango genituzke", eta horrek "tentazioan erortzeko arriskua areagotzen" duela iritzi dio. "Dilistak esaterako ez ditugu arratsalde erdian jaten, baina gaileta batzuk edo ogitarteko bat bai", dio.
Haurren elikadura
Helduek ez ezik, haurrek ere etxean dauden bitartean "gaizki eta gehiegi" jateko arriskua izan dezaketela azpimarratu du Agirrezabalagak. Aipatu du, "nahi gabe", helduek gizarteak bizi duen ezjakintasuna transmititzen dietela haurrei, eta "oso zaila da haurrarentzat egoera berri hori kudeatzea". Gainera, gogorarazi du haurren hazkuntza prozesuarentzat "guztiz kaltegarriak" direla ultraprozesatutako produktuak.
Horrez gain, haurrek aspertuta daudelako jateko ohitura hartzeko arriskua ere badutela nabarmendu du. "Helduok badakigu ezin dugula gaileta zorro osoa jan, eta ahal den heinean kontrolatu egiten gara. Gu bezala, haurrek ere litxarreriak jateko gogoa kontrolatzea nahi izaten dugu, baina oso zaila da eurentzat arratsaldean bi gaileta soilik jan ditzaketeela, edo gosaritarako bakarrik direla ulertzea. Horrek gatazka sortu dezake familian, eta etxetik atera ezin dugunez, zaildu egiten du elkarbizitza". Horren aurrean, gurasoek "zentzuz" jokatu behar dutela azpimarratu du nutrizionistak. "Haurrei elikagai osasuntsuak eskaini behar dizkiegu. Sagarra ematen badiegu esaterako, ez gaitu kezkatuko beste bat eskatzen badigute".
Bestetik, gogorarazi du datozen asteak egokiak izan daitezkeela haurrekin sukaldean sartu eta elkarrekin janaria prestatzeko. "Hala ere, kontu handiz ibili behar dugu, horrelakoetan azukre asko duten platerak prestatzeko joera izaten baita. Oso ohikoa da etxeko txikienekin bizkotxoa egitea, baina saiatu behar dugu umeekin jaki osasuntsuagoak prestatzen: bizkotxo integrala datilekin, platano eta olo gailetak, etxeko palomitak... egin ditzakegu».
Erosketa
Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri aurretik, janari dendak itxiko zituzten beldurrez jende asko atera zen kalera, "neurririk gabeko erosketak" egitera. "Ilara luzeak eta jendetza bildu zen supermerkatuetan, eta apalak hustu egin ziren. Egoera horren aurrean, jendea denetik erosten hasi zen, zer hartzen ari ziren pentsatu ere egin gabe. Beldurrak eragindako erosketak izan ziren, emozioek bultzatuta", azaldu du Agirrezabalagak.
Egunak pasa ahala herritarrak konturatu dira, janaria eta oinarrizko produktuak saltzen dituzten dendak irekita jarraitzen dutela, denetik dagoela horietan, eta erosketa egitera jaitsi daitezkeela. "Beraz, hurrengo egunetan egiten diren erosketak buruarekin egitea gomendatu nahi diet herritarrei. Komenigarria da otorduen asteko plangintza orekatua egitea eta hori prestatzeko behar ditugun elikagaiak erostea. Beti ere, kontuan izanda, atera gaitezkeela kalera erosketa egitera, merkatari txikien saltokiak irekita daudela, eta horiek ere gure laguntza behar dutela egunotan".
GOMENDIOAK
ZER JAN DAITEKE?
Etxeko irteerak mugatu behar direnez, komenigarria da egun batzuetarako erosketa egitea.
- Fruta freskoa zein izoztua.
- Barazki freskoak, kontserbak edo izoztuak.
- Lekale lehor zein egosiak.
- Arrain freskoa, kontserban edo izoztua.
- Haragia.
- Arrautzak.
- Esneki eta horien alternatiba bejetalak eta eratorriak.
- Fruitu lehor gordin zein xigortuak, ahal dela gatzik gabe.
ZER EZ DA JAN BEHAR?
- Elikagai ultraprozesatuak.
- Alkoholdun edariak.
- Azukredun edariak.
BESTE HAINBAT GOMENDIO
- Haurrekin errezeta osasungarriak egin daitezke etxean.
- Osasuntsu jatea, ariketa egitea eta atseden hartzea garrantzitsua da.
- Egun osoa etxean pasa behar denez, errutina batzuk markatu behar dira.