Sei koronabirus kasu atzeman dituzte Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 19a, 15:26

Osakidetzak atzemandako kasuen herriz herriko datuak plazaratuko ditu txosten batean egunero. Kutsatuek gora egin dute, eta osasun langile bat zendu da Bizkaian.

Koronabirusak jotako herritarren kopuruak etenik gabe hazten jarraitzen du Euskal Herrian. Lehenengoz eman ditu gaur Osakidetzak herriz herriko kutsatuen kopuruak, eta txosten horren arabera, Urola Kostako bi herritan soilik atzeman dituzte kutsatuak, oraingoz: sei Zarautzen, eta bat Getarian. Jakinarazi dute egunero plazaratuko dutela modu horretako txostena, datu eguneratuekin, beraz, aurrerantzean posible izango da herriz herriko kutsatuen jarraipena egitea.

Euskal Herrira begira jarrita, gutxienez, COVID-19 gaitzak jotako 1.679 herritar daude  —atzo baino 320 gehiago—, eta 58 lagun hil dira. Eusko Jaurlaritzak koronabirus kasuen datu eguneratuak ematen jarraitzen du, baina gaixo guztiei birusaren proba egiten ez dietenez, atzematen dituztenak baino gehiago dira COVID-19a duten pazienteak.

Gaurko datu ofizialen arabera,  217 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.190 kutsaturen berri dute hiru lurralde horietan: 621 Araban –atzo baino 76 gehiago–, 393 Bizkaian –atzo baino 96 gehiago– eta 176 Gipuzkoan –atzo baino 45 gehiago–. 455 daude erietxeetan, eta atzotik gaurrera bitartean hamahiru pertsona hil dira: guztira, 53 dira zendutakoak.
Nafarroan, berriz, 482 dira gaitzak jotako herritarrak eta, guztira, bost dira koronabirusagatik hil direnak. Han, 132 lagun daude erietxean. Aldiz, Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak: Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan hogei gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri eraman dituztela Baionako erietxera, Lapurdin. 

Horiek kontuan hartuta, gutxienez, COVID-19 gaitzak jotako 1.679 herritar daude Euskal Herri osoan, eta 58 lagun hil dira.


Osasun langile bat hila

Eguerdian agerraldi bat egin dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Nekane Murga Osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Bertan, Urkulluk jakinarazi du Osakidetzako 52 urteko erizain bat hil dela koronabirusagatik. Sei egun zeramatzan ospitaleratuta, eta atzo bart hil da. Urkulluk doluminak helarazi dizkie senide, lagun eta lanide guztiei, eta osasun arloko langileen lana "eredugarria" dela nabarmendu du. 

Bestalde, jakinarazi du sakelako telefonoetarako aplikazio bat garatzen ari dela Eusko Jaurlaritza, herritarrek erregistratu ahal izan dezaten beren osasun egoera, kasuen prebentzio, jarraipen eta identifikazio lana indartzeko. 

Hemen dago ikusgai Osakidetzaren txostena.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide