Larrialdi ekonomikoa arintzeko neurriak iragarri dituzte erakundeek

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 18a, 16:32

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak aparteko diru poltsak bideratuko dituzte koronabirusaren krisiaren ondorioei aurre egiteko helburuarekin.

Koronabirusaren aurkako neurriek eta gaitzaren inguruko berriek ez dute etenik, eta zurrunbilo horren erdian hasi dira erakundeak birusak sortutako kalte ekonomikoei aurre nola egin aztertzen eta urratsak egiten. Azpeitiko Udalak herenegun jakinarazi zuen zaintzari eta saltokiei nahiz ostalaritza establezimenduei lotutako jarduerak diruz lagunduko dituela, eta atzo, asteartearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak nahiz Espainiako Gobernuak hartu zituzten ekonomiari lotutako hainbat erabaki. Gainera, Eudelek zergen eta tasen ordainketak atzeratzeko eskatu die udalei.

Espainiako Gobernua

Espainiako Gobernuak hainbat neurri ekonomiko onartu zituen atzo. 200.000 milioi euro bideratuko ditu ekonomiaren susperraldira. “Demokraziaren historiako dekreturik handiena” onartu dutela esan zuen atzo arratsaldean Pedro Sanchez presidenteak, “aurrekaririk gabekoa”, koronabirusak ekarri duen larrialdi egoerak sortuko dituen kalte ekonomikoei aurre egiteko helburuarekin. Diru-poltsa hori -Espainiako BPGaren %20aren parekoa da kopurua- funts publikoekin zein pribatuekin osatuko dutela ere azaldu zuen Sanchezek.

Ezohiko egoerari aurre egiteko hainbat neurritara bideratuko du dirua Espainiako Gobernuak. Besteak beste, lehen etxebizitzaren hipotekaren ordainketak atzeratu ahal izango dituzte datozen hilabeteetan koronabirusarengatik diru-sarrerak txikitu zaizkienek edo langabezian gelditu direnek; ordainketak atzeratzea eskatzeko baldintza horiek betetzen direla erakutsi beharko dute zordunek. Zailtasun ekonomikoak dituzten familiei, langabezian daudenei edo diru sarrerak murrizturik dituzten autonomoei energia, ura eta telekomunikazio hornidurak bermatzeko neurriak ere ezarri ditu Espainiako Gobernuak, enpresa hornitzaileek zerbitzu horiek eten ez ditzaten. Kontziliazio neurriei dagokienez, egoera berriaren ondorioz etxean zaintza lanak egin behar dituztenek lanaldi murrizketak eskatu ahal izango dituzte, baita %100eko murrizketak ere. Bestetik, koronabirusaren ondorioz egiten diren enplegu erregulazio txostenen eraginez lanik gabe gelditzen diren langileek langabezia saria jaso ahal izango dute, beren jatorrizko langabezia saria xahutu gabe; langabezia saria jasotzeko eskubiderik sortu ez dutenek ere jasoko dute salbuespenezko diru sari hori. Autonomoei, berriz, kotizazio gutxiago ordaintzeko edo batere ez ordaintzeko bidea irekiko diete.

Horiez gain, enpresentzako laguntzak ere onartu ditu Espainiako Gobernuak; likidezia amaigabea, besteak beste.

Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak guztira 1.025 milioi euro bideratuko ditu koronabirusaren krisiari eta horren berehalako ondorioei aurre egiteko. Gobernu Kontseiluak premiazko hainbat neurri onartu zituen atzo, “COVID-19aren pandemiak Euskadin izango dituen eragin ekonomiko izugarriak ahal den neurrian arintzeko”.

Batetik, 300 milioi euro zuzenduko ditu -500 milioi eurora iristeko aukerarekin- COVID-19 programara. Bestetik, 25 milioi euroko finantziazio lerroa onartu du, %0 tasarekin, Finantzen Euskal Institutuaren bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako produkzio sarearentzako; bereziki, pizgarri hori enpresa txikiek eta ertainek zein autonomoek likidezia arazorik ez izateko erabiliko dute. Azkenik, eta ildo beretsutik, beste 500 milioi banatuko ditu jaurlaritzak enpresei zuzendutako bermeetan, horiek ere %0 tasarekin.

COVID-19 programaren 300-500 milioi euroak banatzeko lehentasunak ere ezarri ditu jaurlaritzak. Lehentasunen zerrendaren buruan jarri du “euskal osasun sistema indartzea”: sendagaiak hornitzea eta ekoiztea, eta osasun materiala eskuratzea; prebentziozko arreta eta telefono bidezko aholkularitza indartzea; etxeko laguntza-arretan aritzen diren osasun arloko langileak indartzeko ezohiko neurriak ezartzea; eta osasun zentroetan arreta emateko gune berriak egokitzea dira osasun sistema indartzeko jaurlaritzaren Ogasun Sailak iragarri dituen lau lan lerro nagusiak.

Enpresei laguntzera zuzendutako neurriak datoz ondoren: zirkulatzailea finantzatzeko 500 milioi euroko lerroa, enpresa txikiei eta ertainei, profesionalei eta autonomoei zuzenduta; laguntzak enpresentzat, erakundeetan koronabirusa zabal ez dadin; ekipo eta erreminta teknologikoak eskuratzeko laguntzak; eta zailtasunak dituzten enpresentzako programa zuzkidurak zabaltzea.

Lehentasunen zerrendan hirugarren tokian jarri dituzte pertsonei eta familiei zuzendutakoak, Kontziliaziorako laguntzak eta erraztasunak iragarri dituzte adin txikikoak eta koronabirusak kutsatutako edo horren ondorioz isolatutako pertsonak zaindu behar dituztenei, edo ikastetxeen eta eguneko zentroen itxieraren ondorioak jasaten ari diren adin txikikoak eta adinekoak zaintzeko. Lan jardunaldiaren malgutasuna laguntza publikoekin bultzatzeko neurriak ere aipatu ditu jaurlaritzak COVID-19 programaren barruan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du oraindik koronabirusak eragindako kalteak arintzeko neurririk hartu, baina aurki hartuko ditu; izan ere, Zergak Koordinatzeko Organoa (ZKE) datozen egunetan bilduko da. Dena den, lehengo ostegunean adostu zuten atzera daitekeen zerga kopurua handitzea; hau da, orain arte enpresa txikiek eta autonomoek Ogasunarekin duten zorra geroago ordaintzeko zuten 150.000 euroko muga 300.000 eurora zabaldu du aldundiak. Enpresek orain dirua izatea da neurri horren helburua. Gainera, errenta modu mekanizatuan aurkezteko epea udazkenera atzeratzea ere erabaki du Gipuzkoako aldundiak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide