Dena itxi eta gero zer?

Zarauzko hitza 2020ko mar. 18a, 13:07

Ostegunaz geroztik eskualdeko udal eraikinak ixteko neurriak hartzen joan dira herri gehienetan. Lanketarekin jarraitzen dute, eta Zarautzen esaterako familia zaurgarrienei laguntzeko zerbitzuak eta boluntario taldea sortu dira.

Guztien bizitzak hankaz gora jarri ditu koronabirusak eta hori zabaltzea ekiditeko hartu dituzten prebentzio neurri zorrotzek. Denentzat ezezaguna den egoera berrira egokitu behar izan dute herritarrek, eta egokitzapen horretan, udal bakoitzak izan du zeresana neurriak hartzerako orduan. Ostegunean hasi ziren gehienak udal eraikinak ixten, aurreikusita zeuden agendako ia hitzordu guztiak bertan behera uzten eta bestelako mugak jartzen, eta ia aste bat igaro den honetan, dagoeneko hartutako neurriak gogorarazteaz gain, egiten ari diren lanketaren berri eman du Zarauzko alkate Xabier Txurrukak.  Esker hitzak izan ditu herritarrentzat, orokorrean, neurriei emandako erantzuna "ona" ari delako izaten. Bestetik, zaurgarrien diren herritarrak babesteko eta zaintzeko pausoak ematen ere ari dira Zarautzen.

Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen adierazpena
"Gizaki bezala, gure alderdirik onena erakusteko unea da hau"

«Hedapenari aurre egiteko neurri zehatzak finkatu ditu Zarauzko Udalak. Osasun agintariak jakinarazten ari diren neurri eta gomendioekin bat etorriz, martxoaren 13an eta ondoren egindako bileretan, ondoko helburu hauek dituzten neurriak adostu ditu: COVID-19 koronabirusaren hedapenari aurre egitea, herritarren segurtasuna bermatzen saiatzea, osasun sistemaren kolapsoa saihestea eta oinarrizko udal zerbitzuak bermatzea.

Zarauzko Udala lanean ari da egoerari aurre egiteko; hainbat udal eraikin eta zerbitzu eten ditugu. Jendaurreko arretari dagokionez, eskatzen dugu udalaren telefonoa, posta elektronikoa edo webguneko tramiteak erabiltzea.

Gizaki bezala gure alderdirik onena erakusteko unea da hau. Pertsona zaurgarrienak, arrisku gehien dutenak babesteko eta haiei laguntzeko unea. Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik banan-banan beraiekin harremanetan jarriko gara, oinarrizko beharrak asetzen dituztela bermatu eta laguntzeko. Laguntza modu koordinatuan eta osasun baldintza tekniko guztiak bermatuz eman nahi dugu udaletik.

Zarauztar denontzat eskaera nagusia, eskatzen duguna eta errepikatzen duguna zera da: mesedez, etxean gelditu, eskuak sarri garbitu eta arduraz eta gizartearekiko konpromisoz jokatu».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide