Zarauzko Sare Feministaren barruan sortu zen zaintza sarea sortzeko ideia, beste herri batzuetan –Getarian eta Hernanin, esaterako– sortu zela ikusita. Taldean proposatu ondoren, kide batzuk animatu eta antolatu egin ziren, gehienbat zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko. "Erosketak egitera joan ezin duten adinekoak; berrogeialdia egin behar duten gaixoak eta bakarrik daudenak; lanera joan behar duten gurasoak, baina seme-alabak aiton-amonekin utzi nahi ez dituztenak... Kasuak iritsi ahala, konturatu gara denetarik dagoela eta pixka bat konkretatzen joan gara egunotan", adierazi dute zaintza sareko kideek.
Behin zaintza sarea sortuta, jendea gehitzen hasi zitzaien. Orduan koordinazio talde bat sortzea erabaki zuten, eta laguntza auzoz auzo ematea, auzo bakoitzean bi koordinatzailerekin, batez ere zaintzak bermatzeko. "Pentsatzen dugu hau luzerako doala, eta nekeak ere eragingo digu guri ere. Beraz, ongi antolatu beharra dago", adierazi dute zaintza sareko kideek. Zazpi auzo hauetan banatu dira: Alde Zaharra, Iñurritza eta Zelai Ondo, Azken Portu, Vista Alegre eta Hiruerreketa, Salbide, Aritzbatalde eta Itxasmendi; eta eremu horietan sartuta ez dagen norbait baldin badago, gertuen dagoen auzoko boluntarioren bat bertaratuko litzateke. Guztira, 113 lagun daude zaintza taldean.
Zarauzko zaintza sareak ez du udalaren babesik, "ematen ari diren osasun neurriak eta aginduak betetzen ez ditugula deritzotelako". Nolanahi ere, boluntario taldeak aurrera egiteko asmoa du. Udalak emandako gomendioari jarraituz, gizarte zerbitzuetara bideratzen ari dira kasu guztiak, baina "guk ardura hartu dugu gizarte zerbitzukoak ailegatzen ez diren kasuak artatzekoa". Izan ere, zaintza sarearen ustez, herrian "asetuta ez dagoen" behar bat da.
"Hasiera pentsatzen genuen adineko pertsonek deituko gintuztela gehien, baina guraso batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan, edo arrisku taldean dagoen pertsona bat eta ez dena adinekoa, beste gaixotasun batzuk dituelako eta sendagaiak behar dituelako. Gehien antzeman duguna da ezjakintasunak eragindako beldur puntu hori jendearengan", azaldu dute.
Segurtasun protokoloak
Boluntarioek argi eta garbi utzi nahi izan dute boluntarioen segurtasuna bermatzeko protokoloak landu dituztela. Adibidez, haurrak zaintzera doan boluntarioek ezin dute eduki kontakturik arrisku taldeko inorekin, eta, aldi berean, haur horren familiak ere ezin du eduki kontakturik, "bestela gure segurtasuna ezingo litzateke bermatu". Une honetan, bi protokolo dituzte abian, bata zaintzara bideratuta dagoena, eta bestea, erosketetara.
Laguntza behar duten herritarrek 634 40 70 11 telefono zenbakira dei dezakete, eta zaintza sarean parte hartu nahi dutenek, berriz, 650 07 77 47 telefono zenbakira.