Osakidetzak bertan behera utzi ditu programatutako kontsulta eta ebakuntza ia guztiak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 16a, 14:00

Hori dela eta, osasun zentroetan nahiz ospitaleetan hitzorduak zituzten herritarrei horietara ez joateko eta etxean itxaroteko eskatu die Osakidetzak, osasun zentroak jarriko baitira beraiekin telefonoz harremanetan. Onkologiarekin edo haurdunaldiekin lotutako kontsultak eta hitzorduak mantendu egingo dituzte.

Koronabirusari aurre egiteko eta herritarrak osasun zentroetan ez pilatzeko asmoz, Osakidetzak bertan behera utzi edo atzeratu egingo ditu aurrez programatutako kontsulta eta ebakuntza ia guztiak. Hori dela eta, osasun zentroetan nahiz ospitaleetan hitzorduak zituzten herritarrei horietara ez joateko eta etxean itxaroteko eskatu die Osakidetzak, osasun zentroak jarriko baitira beraiekin telefonoz harremanetan. Hain zuzen ere, telefono bidezko kontsultak egingo dituzte, eta beharrezkoa den kasuetan ezarriko dituzte aurrez aurreko hitzorduak osasun zentroetan.

Dena den, Donostia Ospitaleak jakinarazi duenez, onkologiarekin edo haurdunaldiekin lotutako kontsultak eta hitzorduak mantendu egingo dituzte. Bestalde, premiazko odol ateraldiak baino ez dituzte egingo, eta programatutako proba osagarri oro geldituko da bertan behera, hala nola espirometriak, elektrokardiogramak eta abar.

Webgune bidez, telefono bidezko kontsultak soilik eskatu ahal izango dira, eta osasun zentroetan larrialdiak artatuko dituzte. Arnas sintomekin lotutako kontsultak egin nahi dituzten herritarrek Osasun Aholkularitzaren 900-20 30 50 telefono zenbakira deituta egin ahal izango dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide