Adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak ixteko agindua eman du Foru Aldundiak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 14a, 12:18

Maria Etxetxiki eguneko zentroa. (Hitza)

Adinekoen egoitzetan kontrol zorrotzak ezarri zituzten hasieratik. Pauso bat aurrera emanaz, atzo egoitzak eta eguneko zentroak ixteko agindua eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.

COVID-19 koronabirusak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako aurrerapenaren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, Gizarte Politikako Departamentuak Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentro guztiak aldi baterako ixtea erabaki du.

Erabaki hori hartu aurretik, egoiliarrek pertsona bakarraren bisita jaso zezaketen egunean zehar, eta egoitzan sartzerakoan, kontrol neurriak pasatu behar izaten zituzten bisitariek, tenperatura hartzea kasu. Atzo arratsaldean hartutako neurriaren ondoren, adinekoen egoitzak itxita egongo dira hemendik aurrera. Egoiliarrek ezingo dute bisitarik jaso, baina senitartekoekin bideokonferentzien bidez jarri ahal izango dute harremanetan.

Egoitzekin batera, eguneko zentroak ixteko egindua ere eman du aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak. Hala, zerbitzu horiek etenda geratuko dira, eta aitona-amonek etxean geratu beharko dute agindu berririk eman arte. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide