Janari faltarik ez badago ere, egunotan Urola Kostako saltoki, janari denda eta supermerkatu handi nahiz txiki guztietan sekulako jendetza dabil erosi eta erosi. Gaur, esaterako, herritar ugari zeuden zain Zarauzko Maxi Eroski supermerkatuaren aparkalekuan, beraien orgekin prest, 09:00ak noiz joko eta saltokiko atea noiz zabalduko, Rosaliaren kontzertu bat bailitzan.
Halako jende-samaldekin kutsatzeko foku bat sortzeko arriskua dago. Beraz, tentuz jokatzea komeni da, halakorik ez sustatzea, eta emandako neurriei kasu egitea, oso zorrotzak badira ere. Horren aurrean, eskualdeko zenbait saltokitan aforoa mugatzen hasi dira, Zumaiako Eroskin eta Zarauzko Santa Marina kalekoan bezala; horietan, gainera, eskularruak banatzen ari dira sarreran. Atzo, gainera, San Marinakoan, sarreran sortu zen ilarako bezeroen tartea gutxienez metro batekoa zen.
Koronabirusa geldiarazteko neurriak
- Koronabirusaren transmisioa saihesteko garrantzitsua da eskuak sarritan garbitzea.
- Eztul egitean estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin
- Gainazalak garbitu
- Sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonek ez dute egon behar adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin kontaktuan, edo leku publiko eta jendetsuetan.
- Herritar guztiei urruntze-neurriak hartzea gomendatzen zaie, bereziki leku publikota; urruntzeak esan nahi du pertsonen artean gutxienez metro bateko eta, ahal dela, 2 metroko aldea uztea. Izan ere, gertutasuna baita kutsatzea gehien errazten duen faktorea.