Koronabirusa beste gairik ez da bazterretan. Gaurkotasun gai nagusi bilakatu da azken asteetan kalean zein komunikabideetan, eta Tokikom osatzen duten Euskal Herriko hedabideak ere ari dira gaia lantzen, beti ere tokiko ikuspegitik. Honako mapa hau herri hedabide horiek koronabirusari egindako jarraipenaren emaitza da; hain zuzen ere, tokiko hedabideetan gaiaz egin den lanketa biltzen du mapak.
Duela egun batzuetatik, koronabirus kasuetarako protokoloa ezarrita du Osakidetzak. Sukarra, eztula edo aire-falta sentipena gisako sintomak izanez gero, etxean edo ostatuan gelditzea eta Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50 telefonoa) harremanetan jartzea aholkatu du erakundeak. Gipuzkoan, gaur-gaurkoz, bi kasu atzeman ditu Osakidetzak.
Atzora arte emandako datuen arabera, Zarautzen ez dute koronabirus kasurik atzeman. Dena den, hainbat eremutan hasi dira dagoeneko birusa saihesteko neurriak hartzen. Adineko egoitzan eta eguneko zentroan, esaterako, bisitak murriztu dituzte eta zentrora sartzen diren guztiei tenperatura hartzen diete. Elizan ere neurriak hartu dituzte, baita kirolean ere: Zast Ulaciaren eta Amenabar eta Aialaren partidak ateak itxita jokatuko dira.
Eusko Jaurlaritzak esan berri duenez, bihar itxita egongo dira Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe guztiak. Birusa zabaltzea ekidin nahi da horrela, "umeek gaitza zabaltzeko erraztasuna dutelako", Nekane Murga Osasun sailburuaren arabera. Eskualdean bestelako neurriak ere ari dira hartzen. Hemen oraingoz HITZAk bildutako datuak.
Hainbat entitate neurriak hartzen ari dira koronabirusa ahalik eta gutxien hedatzeko. Hainbat kirol federaziok ere partidak bertan behera utziko dituztela iragarri du, eta horrek zuzenean eragingo die Zarauzko zenbait talderi. Unean unean aldatzen eta gehitzen doaz prebentzio neurriak. Oraingoz, udalak ez du inolako neurririk jakinarazi.