Herriko establezimenduek bide publikoa erabili eta okupatzeko udal ordenantza berria prestatzen ari da udaleko Herrilan, Azpiegitura eta Zerbitzuen departamentua. Hau da, taberna eta dendetako terrazek har dezaketen kalearen eremua zehaztuko dute.
Ordenantza horren helburua da arautzea merkataritzako establezimenduek bide publikoan duten okupazioa, egungo araudia berrikustea eta, hala behar balitz, arau berrietara moldatzea. Hala, herritarrak eta establezimenduen jabeak gonbidatu ditu udalak ordenantzan ekarpenak egitera.
Ekarpenak egiteko
Horretarako aukera desberdinak dituzte herritarrek. Kale Nagusian dagoen Herritarren Arreta Zerbitzura jo dezakete, edo partehartu@zarautz.eus helbidera mezu bat bidal dezakete. Ekarpenak egiteko azken eguna martxoaren 24a izango da. Bete beharreko dokumentazio guztia Zarauzko Udalaren atari digitalean dago eskuragarri.
Ordenantza berrian zehaztuko dituzte neurriak erabiltzaileen eta bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko. Horrez gain, kontuan hartuko dituzte zaintzea irisgarritasuna eta espazio publikoko paisaiaren balioa. Guztia arautzeko ardatz izango dute, udalaren arabera, "kalitatezko ostalaritza eta merkataritza zerbitzuen harmonizazioa".