M8, Emakume Langilearen Eguna

Emakume Zientzialarien Basoa landatuko dute Zuhaitz Egunean

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 5a, 09:34

Zuhaitzei txertatuko dizkieten txartelen adibidea

100 arkamurka landatuko ditu udalak Zingira basoan, eta natur zientzien alorreko 25 emakume zientzialariren biografiak itsatsiko dizkiete zenbaitei.

Zarauzko Udalak Emakume Zientzialarien Basoa sortzeko ekimena antolatu du, Zuhaitz Eguna eta Emakume Langilearen Eguna batera ospatzeko. Horretarako, 100 arkamurka inguru landatuko ditu Zingira basoan, parte hartu nahi duten herritarrekin batera. Larunbatean 10:00etan elkartuko dira Vista Alegreko Torreoiaren atzeko biltegian. Landatutako zenbait zuhaitzei natura-zientzia alorreko emakume zientzialarien biografiak jarriko dizkiete, horretarako bereziki prestatutako txarteltxo batzuekin. Gloria Vazquez Berdintasun eta Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "ekintza honen bidez emakume zientzialariei ikusgarritasuna eman nahi zaio, haien lanek eta aurkikuntzek ez baitute gizonezko lankideen zabalkunde eta begirune bera". Gehitu du, emakume horien izenak basoarekin batzea modu polita dela emakumeek zientzia arloan egin duten lana aitortu eta ikusarazteko.

Horrez gain, martxoaren 12an eta 13an beste 300 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dituzte Tejeriako zumardian: haltzak, haritzak, lizarrak... La Salle eta Antoniano ikastetxeko 100 ikaslerekin batera landatuko ditu Udalak zuhaitzak. Ekimena Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuko du, eta zumardiko ekosistemaren garrantzian zein ezaugarrietan oinarrituko ditu azalpenak. Ekintza Eraztun Berde-Urdinaren barruan egiten ari den basoa berreskuratzeko bidean pauso bat gehiago dela azaldu du Vazquezek.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eskertuz burutu du Zarauzko Udalak prentsa oharra, ekimenetarako beharrezkoak diren landareak eta materialak hornitu dituelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide