Zazpi T'erdi ekoiztetxearen eta SOS Arrazakeriaren eskutik, martxan da Komunikatu On egitasmoa Zarauzko ikastetxeetan. Proiektuan parte hartu dute Antoniano, Lizardi, Salbatore Mitxelena eta La Salle ikastetxeetako DBH 3 eta 4. mailetako 400 ikasle inguruk. Ekimenaren helburua da atzerritik iritsi diren pertsonen inguruko zurrumurruak, estereotipoak eta aurreiritziak zalantzan jartzea eta pentsamendu kritikoa sustatzea. Horretarako, ikasgeletan arrazakeriaren inguruko lanketa bat egin dute lehenengo eta, ondoren, han landutakoak ikus-entzunezko baten bidez plazaratuko dituzte.
Ekoiztetxeko arduradunak azaldu duenez, desberdinak izan dira lan egiteko moduak ikastetxearen arabera, bakoitzak behar, ikasle kopuru eta ordutegi desberdinak dituelako. Pieza horiek maiatzaren 7an emango dituzte Modelo aretoan, Zarauztik Mundura festa ospatuko duten egunaren bezperan. Lan batzuk dagoeneko bukatuta daude, beste batzuk ekoizpen fasean eta, ikastetxeren batean oraindik ez dira hasi proiektua lantzen. Lizardin amaitu dute prozesua, eta bertako ikasle Irati Galardik prentsari azaldu dio zer moduzko esperientzia izan den. Haren esanetan arrazakeriarekiko kontzientzia asko landu dute, eta gustatu zaio proiektua beraiek eginiko zerbaitekin borobiltzea. "Jakin ahal izan dugu nolako gauzak gertatzen diren, zoritxarrez, arrazakeriaren erruz. Editatzen ere ikasi dugu, beraz, oso polita izan da".