Koronabirusaren sintomak izanez gero zer egin jakiteko aholkuak eman ditu Osakidetzak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 4a, 17:09

Duela egun batzuetatik, koronabirus kasuetarako protokoloa ezarrita du Osakidetzak. Sukarra, eztula edo aire-falta sentipena gisako sintomak izanez gero, etxean edo ostatuan gelditzea eta Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50 telefonoa) harremanetan jartzea aholkatu du erakundeak. Gipuzkoan, gaur-gaurkoz, bi kasu atzeman ditu Osakidetzak.

Badira egun batzuk Osakidetzak koronabirus kasuetarako protokoloa aktibatu zuela. Hainbat aholku eman dizkie erakundeak herritarrei, eta Osasun Aholkularitza Zerbitzua jarri du martxan. Hain zuzen ere, sukarra, eztula edo aire-falta sentipena gisako sintomak izanez gero, etxean edo ostatuan gelditzea eta Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50 telefonoa) harremanetan jartzea aholkatu du Osakidetzak. Gaur-gaurkoz koronabirusaren bi kasu atzeman dituzte Gipuzkoan.

Zer da koronabirusa?

Koronabirusak animalietan zein gizakietan aurki daitezkeen birus familia zabala dira. Horietako batzuk infektatu egiten dute gizakia, eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola hotzeria arrunta. Dena den, gaixotasun larriagoak ere badaude; Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras), esaterako.

Nola hedatzen da birusa?

Zehaztasunik ez badago ere, antzerako birusek eragindako beste infekzio batzuen analogiatik, kutsatutako animaliekin izandako kontaktuaren bidez eta doministikuarekin sortzen diren arnas jarioarekiko kontaktuaren bitartez transmititzen da. Birusa duten pertsonen sudurra, begiak edo ahoa ukituta kutsa daiteke.

Zer egin dezaket babesteko?

  • Sarritan garbitu eskuak.

  • Eztula edo doministikua egitean, ahoa estali eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin. Bota zapia berehala, eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edo urarekin eta xaboiarekin.

  • Eztula edo doministikua egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon, gutxienez.

  • Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.

Zer egin behar dut transmisio-eremuetan izan banaiz?

  • Leku horietatik itzultzen diren eta osasun-arazorik ez duten pertsonek bizimodu normala egin dezakete familiarekin eta lagunekin, baita eskola eta lan eremuetan ere.

  • Bidaiatik itzuli ondorengo bi asteetan arnas-infekzio sintomak izanez gero, hala nola sukarra, eztula edo aire-faltaren sentipena, etxean edo ostatuan geratu. Horrez gain, Osasun Aholkularitza Zerbitzuarekin (900-20 30 50) jarri harremanetan. Osasun zerbitzuek ebaluatuko dute zure osasun egoera, bidaiaren aurrekaria eta koronabirus kasuekin kontakturik izan al duzun.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide