M8, Emakume Langilearen Eguna

Paula Estevez Del Diegok irabazi du Martxoaren 8ko kartel lehiaketa

Zarauzko hitza 2020ko mar. 3a, 15:02

Paula Estevez Del Diegoren Gizarte parekidea eraikiz lanak irabazi du Zarauzko Udalak abian jarritako Martxoaren 8ko XII. kartel lehiaketa. Irudi horrek iragarriko du Emakumeen Egunaren harira prestatutako egitaraua.

Egileak elementu arkitektonikoen bitartez eraikitzearen ideia islatu nahi izan du. Pertsonaia ezberdinez osatutako kartela sortu du, "gizartearen aniztasuna irudikatu nahian". 400 euroko saria eta diploma jasoko ditu Estevezek.

Kartel irabazlea.

Lehiaketa honetara aurkezten den lehenengo aldia bada ere, ilustratzaile getariar honek badu beste sari bat. 2017. urtean Etxepare Saria irabazi zuen Arraroa izeneko ipuinarekin.

Esther Avila Secok herritarren saria eskuratu du, bigarrenez; Oreka bilatzen kartelarekin lortu du saria. Eskuz sortutako marrazkiaren bitartez, norberaren nahien eta errealitatearen arteko orekaren bilaketa adierazi nahi izan du. Egileak 200 euroko saria eta diploma jasoko ditu.

Guztira, 24 kartel aurkeztu dira kartel lehiaketara; 16 gizonek eta 8 emakumek parte hartu dute. Lehiaketara aurkeztu diren obra guztiak ikusgai daude astelehenetik martxoaren 22ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara Torre Luzean.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide