M8, Emakume Langilearen Eguna

Ekitaldi sorta prestatu du udalak, Martxoaren 8aren harira

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 3a, 11:22

(Zarauzko Udala)

Azken urteetan bezala, eskuragarri egongo dira 'Gu ere Martxoak 8' dioten banderola moreak HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzuan).

Aurkeztu ditu udaleko Parekidetasun Sailak Martxoaren 8ari begira antolatutako ekimenak. Azalpenak ematen izan ziren Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia, Edurne Iribar Berritzeguneko arduraduna eta Andrea Diaz Emakumeen Etxearen dinamizatzailea. Vazquezek gogorarazi du mugimendu feministaren borrokari esker gizarteak "pauso handiak" eman dituela, eta bide horretan "ezinbestekoa" dela instituzioen lana. Jarraian, emakumeen eguna "ospatzeko" prestatu duten programazioaren berri eman zuen:

Egitaraua

Martxoaren 2tik 22ra. Martxoaren 8ko kartel lehiaketara aurkeztutako lan guztien erakusketa Torre Luzean. Egunero, 18:00etatik 22:00etara.

Bihar, martxoak 4. Erroa eta geroa: emakume baserritarren ahotsak. dokumentalaren emanaldia eta solasaldia Antoniano aretoan, 19:00etan. Hizlariak Ane Gorosabel eta Mirene Begiristain izango dira.

Martxoak 7, larunbata. Zuhaitz Egunaren harira, Emakume Zientzialarien Basoa osatuko dute. 10:00etatik aurrera, zuhaitzak landatuko dituzte Zingira basoan, eta landatzen duten zuhaitz bakoitzari emakume zientzialari baten biografia jarriko diote, horretarako bereziki prestatutako txarteltxo batzuekin.

Martxoak 11, asteazkena. Hitzaldia gaztelaniaz: Arte y mujer. Visibilidad de las artistas vascas, Mari Jose Aranzasti arte historialariaren eskutik. 19:00etan Etxezabalan.

Martxoak 13, ostirala. Erradikalak ginen ikuskizuna, Ane Labaka bertsolariaren eta Beatriz Egizabal umoregile eta aktorearen eskutik. Feminismoa ardatz hartuta, umoretik landuko dituzte hainbat gai: neska gazte promesaren etiketa, zahartzea, gorputzaren aldaketak, sexualitatea, biolentzia... 20:30ean Modelo aretoan. Sarrerak salgai daude Sanz Enean, 6 euroan.

 

Hezkidetza foroa

Duela 11 urtetik martxan da Zarautz, Zumaia, Getaria eta Orioko ikastetxeek osatzen duten hezkidetza foroa. Haren helburua da berdintasuna landu, sustatu eta aldarrikatzea. Horretarako, Azaroak 25, Martxoak 8 eta Maiatzak 17 egunetan ekintza bateratuak ekiten dituzte. Igandera begira, ikasgela barruan hainbat lanketa egingo dituzte Emakume Langilearen Egunaren inguruan eta, ikastetxeen kanpoaldean pankartak eta banderolak jarriko dituzte.

Ikastetxeek ez ezik, herritarrek ere izango dute aukera beren balkoiak banderolekin apaintzeko. Horretarako, eskuragarri daude HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzuan) Gu ere Martxoak 8 dioten banderola moreak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide