M8, Emakume Langilearen Eguna

Ausartu ziren, eta izan dira

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 3a, 10:21

Iratxe Aranburu Lilatoiko helmugara heltzen. (Utzitakoa)

Iratxe Aranburu zarauztarra bigarren izan da Lilatoian. Hamar urte beranduago podiumean sartu da korrikalaria, eta oso lorpen pozgarria izan da harentzat. Zumaiako taldearentzat ere berezia izan da aurtengo proba. 

Emozioa, euforia, poza, nekea, ilusioa... Sentimendu pilaketa ederra bizi izan zuten igandean Lilatoian parte hartu zuten 6.500dik gora emakumeek. Horietatik asko eta asko Urola Kosta eskualdekoak ziren. Berez dauka izaera berezia Lilatoiak, baina aurtengoa bereziki esanguratsua izan da zumaiarrentzat eta zarauztarrentzat. Lehenengo horiek, inoizko Lilatoirik jendetsuenean, talderik handiena osatu zuten: 151 lagun atera ziren lasterka zumaiarren taldean. Hori dela eta, antolatzaileek sari berezia eman zieten probaren amaieran, eta irribarretsu igo ziren oholtzara.
Zarauztarrei dagokienez, Zarauzko Emakume Korrikalarien elastiko laranjarekin atera ziren asko.

Izan ere, hamar urte bete ditu aurten taldeak. Lasterketan bigarren egin zuen korrikalariak ere elastiko horixe zeraman soinean, eta saria taldeari eskaini nahi izan zion. Iratxe Aranburu zarauztarrak egin zuen balentria. 18:39ko denbora eginda (txapeldunak baino hamasei segundo gehiago), bigarren geratu zen sailkapen absolutuan, eta lehena bere kategorian, 26 eta 45 urte arteko seniorretan. Ez zen zarauztar saritu bakarra izan; izan ere, 46 eta 59 urte arteko seniorretan hirugarren egin zuen Libe Azkuek.

Aranbururentzat ez du nolanahiko pisu sinbolikoa igandeko lorpenak. Duela hamar urte txapeldun izan zen Lilatoian eta, hain zuzen, urte hartan erabaki zuen lehia alde batera uztea, denbora hori familiari eskaini ahal izateko. "Urte horretan sortu zen, hain zuzen, Zarauzko Emakume Korrikalariak taldea", izan du gogoan Aranburuk. "Hamar urtez urrunduta egon ondoren, oso modu naturalean sentitu dut aurten taldean presente egon behar nuela, ospakizun moduko bat zelako". Asko motibatzen du Lilatoiak zarauztarra, lasterka egitera ateratzen diren guztiak direlako txapeldunak beretzat eta emakumeek espazio publikoa modu horretan okupatzea beharrezkotzat duelako.


Talde lanetik gehiago

Lasterka egiteko baldintzak ez ziren onenak igandean: "Haizea zegoen eta horren aurrean indartsu egon behar da". Dena den, lasterketako podiuma osatu zuten hirurek "talde lanean" jardun zutela azpimarratu du Aranburuk. "Postuagatik baino gehiago, gustura nago lasterketan zehar hirurok izan genuen zuhurtziagatik. Konplizitate moduko bat sortu zen". Izan ere, zarauztarrarentzat talde izaera handia dauka korrikak, nahiz eta momentu batean beti iristen den lehiara.


Saria jasotzera oholtzara igo zen unea ere oso berezia izan zen Aranbururentzat. "Buelta eman eta olatu laranja hura ikusi nuenean malkoa atera zitzaidan". Azken hamar urte horietan bera ez da ZEK taldearekin aritu, eta jasotako babesak hunkitu egin zuen. "Beraiei zor diet saria", azaldu du. "Ez da erraza gaur egun hamar urte betetzea ezerk, are gutxiago emakumeen kirolean. Gauza asko eta asko lortu dituzte". Esker ona adierazi zien ZEKekoei oholtza gainetik, eta duela hamar urte lehen urratsa egin zuen emakume anonimo harengana (eta sinbolikoki gainontzeko guztiengana) zuzenduz, ondoko esaldiarekin borobildu zuen aitortza: "Ausartu zinelako gara".

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide