Afizionatuen 23 urtez azpiko Jira-Bira taldeak gaur hasi du Hego Euskal Herriko denboraldia, Euskalduna Txapelketako lehen probarekin, Zumaian. Hain zuzen, atzo aurkeztu zituzten Modelo aretoan aurtengo txirrindulariak, eta horietako bi lehen hamar sailkatuetan sartu dira gaurko proban. Joseba Lopez Cuesta, txapelduna baino bost segundo beranduago helmugaratuta, bosgarren sailkatu da. Xabier Isasa, berriz, lehena baino zortzi segundo beranduago, zazpigarren iritsi da. Baque taldeko Jon Barrenetxea izan da garaile 112 kilometroak 02:41:20 denboran eginda, eta Laboral Kutxako Mikel Azparrenek eta Caja Ruraleko Andoni Lopez de Abetxukok osatu dute podiuma, hurrenez hurren.
Gustura agertu dira Jirabirako arduradunak txirrindulariek osatutako lasterketarekin; batez ere, taldekako sailkapenean hirugarren doazelako momentuz, Laboral Kutxaren eta Caja Ruralen atzetik.
Bihar Ereñon
Euskalduna Txapelketa izan dute gaurkoan txirrindulariek jokoan eta, bihar, Lehendakari Txapelketako lasterketan atera beharko dute, gaurko indar berarekin. Ereñon izango da biharko proba, eta 105 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek.