2019an egindakoak errepasatu ditu Zurekin elkarteak Batzar Orokorrean

Zarauzko Hitza 2020ko otsailaren 29a

Etorkizunean lanean jarraitzeko eta ekitaldiak antolatzen eta babesten jarraitzeko asmoa agertu du Zurekin herriko ostalarien elkarteak. Besteak beste, tabernen informazioa izango duten eskuorriak aterako dituzte.

Ostegunean egin zuen 2019ko denboraldia baloratzeko Batzar Orokorra Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak. Oro har, azpimarratu nahi izan dituzte elkartekideen interesak defendatzeko aurreko urtean hondakinen kudeaketa sistema berriaren inguruan egindakoa eta uraren fakturaren igoeraren aurrean emandako erantzuna. Horrez gain, formakuntza saioak ere eskaini dizkie establezimenduei Zurekinek, hala nola sukaldaritza, euskara eta kontratazio aukeren inguruan.

Elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekitaldiak ere nabarmendu dituzte, esaterako, Sagardo Eguna edo Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketa. Beraiek antolatzaile ez diren arren, beste hainbat ekitaldi ere babesten dituzte: Inauterietako mozorro lehiaketa, surf txapelketa, Mahats Biltzearen Jaia, Euskal Kosta Kroseko patinen sariak, Zarauzko Triatloiko bolondresen elastikoak eta abar.

Toldotxo pintxoa ere gogoan izan dute urtearen errepasoan, izan ere, "Zarauzko erreferentea" da mokadua haien esanetan. 2019an pintxoa prestatzen ikasteko tailer praktikoak egin zituen Zurekinek eta, ondoren, Toldotxoren I. Txapelketa Herrikoia jokatu zuten merkatu plazan.

Etorkizuna

Elkartea osatzen duten establezimenduen eskuorriak aterako dituzte, bazkideei "balio erantsia" emateko. Orain arte antolatu izan dituzten ekitaldiak mantenduko dituzte eta, azaldu dutenez, Zarauztik Mundura ekimenean parte hartzeko asmoa ere badute.

Amaitzeko, dei egin die Zurekinek Zarautzen dauden taberna, jatetxe eta ostatuei elkartera batzeko, "guztion artean Zarauzko ostalaritzaren interesak indar gehiagorekin defendatzeko eta guztion artean are gehiago dinamizatzeko". Interesa dutenek zurekinostalarielkartea@gmail.com helbidera idatzi dezakete. Ondoko hauek dira egun elkartea osatzen duten 28 establezimenduak: Alameda hotela, Aloha kafetegia, Argoin Txiki erretegia, Aritzbatalde jatetxea, Arrano taberna, Bea Zay taberna, Eguzki taberna, Euskalduna taberna, Gran Camping Zarautz, Iruña taberna, Itsaski taberna, Itulazabal nekazaletxea, Itxas-Lur taberna, Karlos Arguiñano jatetxea eta hotela, Kirkilla-Enea jatetxea, Kulixka jatetxea, Norte hotela, Olatu hotela, Otzarreta jatetxea, Patxiku taberna, Salegi taberna, Santa Barbara jatetxea, Talai Mendi kanpina, Telesforo erretegia, Tivoli taberna, Txiki Polit taberna eta pentsioa, Xoxoa eta Zarauz hotela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide