Familiek teknologiarekin duten harremana landuko dute hiru hitzalditan

Izaro Altzibar 2020ko otsailaren 20a

Haur eta nerabeen heziketan parte hartzen duten eragile guztiei zuzendutako hitzaldiak prestatu dituzte. Otsailaren 27an, eta martxoaren 5ean eta 12an izango dira, Antoniano aretoan.

Herri Hezitzaile taldeak Familia Aro Digitalean izeneko hitzaldi ziklo bat antolatu du. Gurasoei ez ezik, entrenatzaile, irakasle zein haur eta nerabeen heziketan parte hartzen duten beste eragileei zuzendutako hitzaldiak izango dira. Antoniano aretoan eskainiko dira, otsailaren 27an eta martxoaren 5 eta 12an, 18:30etik 20:00etara.

Lehen hitzaldiak Jarraituko? du izena, eta bere helburua izango da hausnartzea nerabeek teknologia berriak erabiltzeko dituzten moduen inguruan. Estibalitz Linares Deustuko Unibertsitateko doktorea izango da hizlaria. Bigarren hitzaldia Konektatuko gara? saio praktikoa izango da. Nerabeek sakelakoan duten edukia izango du ardatz, eta Pantallas Amigas elkarteko kide batek gidatuko du saioa. Hirugarren eta azken hitzaldia Saretuko gara? izango da eta bertan, teknologiaren erabilera arduratsu eta seguruaren eredu izateko baliabideak jasoko dituzte hezitzaileek Estibalitz Linaresen eskutik.

Edurne Iribar Berritzeguneko ordezkariak adierazi duenez, "haurrak teknologia berriez inguratuta jaiotzen dira, eta teknologiak aukera eta abantailak ematen dituen arren, arazo iturri garrantzitsua izan daiteke, gaztetxoenentzat bereziki. Helduen kezka nagusia nerabeen teknologiaren erabilera da, eta kezka horri erantzuteko antolatu ditugu hitzaldi hauek". Gaineratu du hitzaldien helburu nagusia dela aztertzea gazteek mundu digitalarekin duten harremana eta teknologiari ematen dioten erabilera eta, aldi berean, hezitzaileei eredu izateko argibideak ematea.

Leire Arana Kirol zinegotziak gehitu du hitzaldiak doakoak, euskaraz eta irekiak izango direla, eta hezitzaile guztiei gonbidapena luzatuz burutu du prentsaurrekoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide