Gaur hasi eta igandera bitartean, Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa jokatuko dute Irlandan, Donegal konderriko Letterkenny hirian. Maider Etxezabal (Azpeitia, 1990) tiralariak Arabako Badaiotz taldearekin lehiatuko du. Txapelketa jokatzeko "gogoz" eta "ilusioz" dagoela adierazi du Irlandara joan aurretik.
Euskal Herriko hamar sokatira klubetako taldeak ariko dira txapelketaren barruan jokatuko den nazioarteko kluben arteko lehian. Txapelketa hori bihar eta etzi jokatuko dute. Basque Country izendapenarekin bederatzi klub ariko dira: Arabako Badaiotz eta Bizindar; Bizkaiko Gaztedi eta Murueta; Gipuzkoako Ibarra; eta Nafarroako Antsoain, Berriozar, Beti-Gazte eta Txantrea. Horiez gainera, Lapurdiko Zuraide sokatira taldeak ere parte hartuko du.
Kluben arteko sokatira txapelketaren ondoren, nazioen arteko Munduko Txapelketa jokatuko dute; larunbatean eta igandean izango da. Kasu horretan, Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako talde txapeldunek ordezkatuko dute Euskal Herria. Hala, Etxezabalek 500 kiloko txapelketa jokatuko du Badaiotzekin. Joan den asteburuan lortu zuen Badaiotzek Euskal Herriko 500 kiloko txapela Berriozarren (Nafarroa) jokatutako azken jardunaldian. Hiru sokatira taldeek 15na puntutan berdinduta bukatu zuten jardunaldia, eta txapelduna erabakitzeko kitarakoak jokatu behar izan zituzten. Hala, izan zen txapelduna Etxezabalen taldea.
"Dena emateko prest"
Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa bi urtetik behin jokatzen dute, eta azken bietan ere aritu zen Etxezabal. Aurrez, orain lau urte, Irlandan bertan, Castlebarren, jokatu zuen, eta duela bi urte, Txinan; handik, gainera, zilarra irabazita itzuli zen. Gogotsu dago azpeitiarra munduko txapelketa nagusia hirugarren aldiz jokatzeko: "Beti izaten da ederra munduko txapelketara joatea eta beste herrialde batzuetako tiralarien kontra jardutea. Aurten, Euskal Herritik talde asko goaz, eta kluben arteko txapelketan gertukoen kontra gogor borrokatu beharko dugu. Baina dena emateko prest joango gara".
Irakurri artikulua osorik, uztarria.eus atarian.