M8, Emakume Langilearen Eguna

Zuriketa feministaren aurka altxatuko dira adinekoen egoitzetako langileak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ots. 19a, 08:00

Erresidentzietako langileak Zarautzen izan ziren beraien egoeraren inguruko informazioa ematen. (Aritz Mutiozabal)

Aldundiak lerro gorri batzuk errespetatzen ez baditu traturik ez dutela egingo dio ELAk. Martxoaren 8an politikariek hartzen dituzten "berdintasunerako neurriekin" lotu dute kanpaina.

219 egun daramatzate greban Gipuzkoako erresidentzietako langileek. Une honetan, negoziazioak ez aurrera eta ez atzera daude; are gehiago, sindikatu gehienek, ELAk barne, negoziazio mahaia uztea erabaki dute. Azken egunetan kanpaina berri bat jarri dute martxan beren aldarriei tinko eutsi ahal izateko, eta astelehenean, Zarautzen izan ziren herritarrei egoeraren inguruko informazioa ematen eta kaleetan kartelak jartzen. Datozen egunetan gauza bera egingo dute eskualdeko beste hainbat herritan. Bihar Zumaian izango dira, eta Azkoitira eta Azpeitira joateko asmoa ere badute, nahiz eta horietarako datarik ez duten oraindik zehaztu.

Kanpaina berriak Martxoaren 8arekin lotura zuzena duela azaldu du Janire Diaz Jauregi eskualdeko ELAko Urola Kostako ongizate zerbitzuetako arduradunak: "Egun horren atarian gaude dagoeneko. Gure politikariei, batez ere, Markel Olanori eta Maite Peñari, asko gustatzen zaie berdintasunaz hitz egitea. Horren aldeko politikak eta marketina egingo dituzte Martxoaren 8 guztietan bezala, eta guk argi daukagu berdintasun politikak egiteko aukera urte osoan daukatela". Mahai gainean "sekulako gatazka" dagoela azaldu du sindikatuko ordezkariak, baita kanpaina berria salaketarako izango dela ere. Zabaldu duten informazioan zuriketa feminista aipatzen dute behin baino gehiagotan: "Gipuzkoako aldundiak feministatzat dauka bere burua, baina eguneroko politiketan emakumeen eskubideen aurka aritzen da". 

Duela hiru urte hasi ziren erresidentzietako grebalariak aldundiarekin negoziatzen, baina egun geldi dago kontua. "Patronalek azken mahaira ez zuten proposamenik eraman, eta diputazioak ez du inolako borondaterik agertu gatazka konpontzeko". Diaz Jauregiren esanetan, Gipuzkoako erresidentzien %90 diputazioak finantzatzen ditu, eta horrek arduradun zuzen bihurtzen du erakunde publikoa. Argi eta irmo esan du: "Beraiek fitxarik mugitu ezean, guk greban jarraituko dugu". 


Iritsi ezina 

Grebarekin bat egin duen langileetako bat da Maider Sanchez, Zumaiako Otezuri erresidentziako langilea. Azaldu du "beti korrika eta presaka" lan egin behar izaten dutela. "Adinekoak altxatu, bainatu, jantzi, gizonezkoei bizarra kendu... egiteko, bakoitzarekin hamabost minutu bakarrik izaten ditugu, eta oso presaka ibiltzen gara. Denbora horretan, ezin zaio bakoitzari behar duen denbora eskaini". 

Gauetan are latzagoa da egoera. 108 adineko zaintzeko bi langile soilik geratzen dira erresidentzian. "Zain egon behar izaten dute langileak ez direlako iristen. Ezin diegu behar duten arreta eskaini". Sanchezek garbi dauka arazoak beraiei eta gizarte guztiari eragiten diola. "Denok iritsiko gara zahar izatera eta denok beharko dugu noizbait zaintza hori. Beraz, denoi eragiten digu arazoak".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide