"Zarauzko Inauteriak hazten doaz, eta aurten inoiz baino parte hartze eta egitarau aberatsagoa espero dugu", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. Izan ere, ohi baino egun gehiago iraungo du aurtengo mozorroen jaiak. Sei egun, hain zuzen ere: otsailaren 20tik 25era, datorren ostegunetik asteartera.
Hainbat berrikuntzarekin datoz aurtengo inauteriak, gainera. Lehen egunean, ostegunean, adibidez, Blusen pintxo potea antolatu dute: Zurekin elkarteko hainbat tabernatan kuadrilletako blusarekin azaltzen direnei lehen pintxoa doan emango zaie. Ostiralean, Jalgi dantza taldeak Galtxagorrien jaitsiera izeneko kalejira egingo du estreinakoz, 18:30ean, euskal mitologia ardatz hartuta.
Larunbata izango da jai egun nagusia. Koxme Baleak botako du txupina Modelo aretoko balkoitik, eta arratsaldean, 17:30ean hasita, Inauterietako IV. Konpartsaren txanda izango da, aurten Eurovision jaialdia gaitzat hartuta. Guztira, 180 lagun aterako dira dantzan, eta oso gustura daude deialdiak izan duen arrakastarekin. Gainerakoan, disko jartzaileak, dantzaldia eta mozorro festa izango dira.
Astelehena eta asteartea, nolabait ere, haur eta gaztetxoei zuzenduta egongo da buruhandiekin eta erraldoiekin, dantzaldiarekin eta haur parkearekin. Asteartean, bukatzeko, Santa Ana egoitzako kideen eskutik, Sardinaren entierroa Lege Zaharren enparantzatik abiatuta.
Bestalde, aurtengo kartel saritua Naiara Larrañaga oriotarrarena izan da, Zarauztar ileordea lanagatik. Hartaz, bere diseinua izango da aurtengo inauteriak iragartzeko erabiliko duten irudia. Bestalde, Ainara Vidal eta Carmen Cespedes katalnen lanak ere aitortu dituzte, bigarren sariarekin eta publikoaren sariarekin, hurrenez hurren.
EGITARAUA
Otsailak 20, osteguna
19:00. Blusen pintxo potea. Blusarekin doanak lehen pintxoa doan, ondorengo tabernatan: Argiñano, Euskalduna, Iruña, Salegi eta Tivoli. Era berean, Ustekabe txarangak girotuko du Alde Zaharra.
Otsailak 21, ostirala
18:30. Galtxagorrien jaitsiera musika eskolatik abiatuta, Jalgi dantza taldearen eta Zarautz TRIK taldearen eskutik.
Otsailak 22, larunbata
12:00. Koxme baleak txupinazoa botako du Modeloko balkoitik, Joselontxos txarangak girotuta.
12:00-14:00. Joselontxos txaranga herriko kaleetan zehar Alde Zaharretik abiatuta.
17:00. Mozorro festa eta merienda Ludotxo ludotekan. 9-11 urteko haurrentzat.
17:30. Inauterietako IV. Konpartsa: Eurovision, Alde Zaharrean. Euria eginez gero, igandean izango da 13:00etan, toki berean.
18:00-20:30. Inauteri Jaia: Dj nerabeen emanaldiak eta mozorro lehiaketa (taldekoa, originalena eta #zuzeukiña) Zinema pilotalekuan. Gaia: Hippie unibertsoa. 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat.
19:00. Dantzaldia Fan&Go taldearekin Musika Plazan.
19:00. Mozorro lehiaketan parte hartu nahi duten kuadrillen kalejira Musika Plazan. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da Turismo Bulegoan, edo egun berean Euskalduna tabernan.
19:30. Kuadrillen mozorro lehiaketaren sari banaketa: Lehen saria 250 euroko bonoa da, bigarrena 150 eurokoa eta hirugarrena 100 eurokoa. Bonoak Zurekin Elkarteko tabernetan gastatzeko izango dira.
20:30. Mozorro dantza Udaberri tabernan.
21:30-00:30. Nerabeentzako festa Dj Lazekin Zinema pilotalekuan.
23:00. Dantzaldia Fan&Go taldearekin Musika Plazan.
Otsailak 23, igandea
11:00. Santa Ana egoitzako konpartsaren kalejira Alde Zaharrean. Euria eginez gero, egoitza barruan izango da.
12:00. Kalejira Alde Zaharretik abiatuta: buruhandiekin, erraldoiekin eta Mauxitxa txarangarekin.
17:00. Panpinen zirkua emanaldia Musika plazan. Euria eginez gero, Zinema pilotalekuan izango da.
18:15. Txikidantz dantzaldia Musika Plazan, Asier Burgeteren eskutik. Euria eginez gero, Zinema pilotalekuan izango da.
Otsailak 24, astelehena
16:30-19:30. Koxme balearen lagun puzgarriekin, haurrentzat parkea, Lege Zaharren Enparantzan. Euria eginez gero, Zinema pilotalekuan izango da.
Otsailak 25, asteartea
11:00. Santa Ana egoitzako kideen eskutik, Sardinaren entierroa Lege Zaharren enparantzatik abiatuta, herriko kaleetan zehar. Euria eginez gero, Santa Ana egoitzan izango da.