Nazare Tow Surf Challenge-en lehiatuko da bihar Axi Muniain

Zarauzko Hitza 2020ko otsailaren 10a

Axi Muniain, Nazaren. (Rafael Riancho)

Zarauztarrak Ross Clarke-Jones surflari australiarra ordezkatuko du Portugalen jokatuko den lehen atoi surf txapelketan. Autobusa antolatu dute Zarauztik hara joateko.

Nazare Tow Surf Challenge olatu handien txapelketa jokatuko dute bihar, Nazaren (Leiria, Portugal) eta bertan lehiatuko da Axi Muniain surflari zarauztarra. Olatu handiak espero dira, zazpi metro eta erdikoak, baldintza onekin, eta World Surf League elkarteak lehen atoi surf lehiaketari ekiteko data biharko zehaztu du.

19 surflarik hartuko dute parte, 17 gizonezkok eta bi emakumezkok, hamar taldetan banatuta. Denek uretako moto baten laguntzarekin, atoiari helduta, hartuko dituzte olatuak, eta lehia lau orduko saio luze batek osatuko du; surflariek nahi beste olatu hartu ahal izango dituzte.

Axi Muniainek Australiako taldearekin hartuko du parte, lesionatu berri den Ross Clarke-Jones ordezkatzen. Mick Corbett izango du taldekide, eta zarauztarrak Instagram atarian eskerrak eman dizkie bere kideei beregan jarritako konfiantzagatik. "Ordezkaezina denaren alturan espero egotea", azpimarratu du gainera.

Autobusa Zarauztik

Surflari zarauztarra animatzera joateko autobusa antolatu dute Zarauztik. Gaur abiatuko da autobusa, 22:00etan, eta aurreikusten dute bertara 08:00etan iritsiko direla. Itzultzeko bihar 19:00etan abiatuko dira Nazaretik, eta 06:00ak aldera itzuliko dira berriro Zarautzera. Izena emateko whatsapp mezu bat bidali behar da 655 72 12 40 telefono zenbakira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide