Ulaciak ezin izan du Pielagos liderraren aurka

Zast Saskibaloia 2020ko otsailaren 10a

Aurkaria estu hartzen saiatu zen arren, 57-79ko emaitzarekin galdu zuen azkenean Aritzbatalde kiroldegiko kantxan.

Zast-Ulacia taldeak ezin izan zion multzoko liderrari irabazi ligako hemeretzigarren jardunaldian. Kantabriako Pielagos taldea gehiago izan zen, eta 57-79koarekin bukatu zen norgehiagoka. Aritzbatalde kiroldegiko harmailak bete egin ziren beste behin etxeko taldea ikusteko, eta emaitza lagun izan ez arren, oro har joko ona erakutsi zuen Ulaciak.

Partidaren hasiera ez zen izan nahi bezain ona zarauztarrentzat: liderraren jokalari garaien barneraketak eragozten saiatu zen Zast-Ulacia. Horretarako, bere saskiko esparrua itxi zuen laguntzekin, baina horrek jaurtiketa errazak utzi zizkien kantabriarrei, eta hortxe zabaldu zuten neurketako lehen alde handia, lehen laurdenaren amaieran, hamaika punturekin.

Zast-Ulaciak, ordea, ez zuen etsi, eta koska bat estutu zuen defentsa bigarren laurdenean. Jokalariak sarri aldatzen saiatu zen, aurkarien intentsitateari eusteko, eta asmatu egin zuen estrategiarekin, bigarren laurdeneko emaitza berdinetan geratu zen. Hala ere, hortxe zegoen oraindik ere markagailuan hamaika puntuko aldea, liderraren aldekoa, eta aldea murriztea zen hurrengo erronka.

Eta erronka hori gainditze aldera, oso serio ekin zion Zast-Ulaciak hirugarren laurdenari. Defentsa lerroak gora eraman zituen, bi baten kontrakoak saiatu zituen, eta aurkariaren pase lerroak zainduz, baloi batzuk lapurtu zituen, markagailuan lau puntura gerturatu arte hirugarren laurdenaren erdi aldean.

Une horretan, ordea, erabat aldatu zen partidaren dinamika, eta lau puntura murriztutako aldea hamabosteraino igo zen laurden horren amaieran. Azken laurdena falta zen arren, lan nekeza zuen aurretik Zast-Ulaciak. Saiatu zen, gogotik gainera, markagailuko aldea murrizten Zarauzko taldea, baina ez zuen lortu, eta merezi zuena baino zigor handiagoa jaso zuen azkenean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide