Zast-Ulacia taldeak partida garrantzitsua zuen aurreko larunbatean Goierri-Iparragirre taldearen aurka, sailkapenaren beheko aldean zen aurkari bat atzean uzteko aukera baitzuen, baina ez zuen aldeko emaitzarik etxeratu.
Partidaren hasiera-hasieratik jarri zitzaizkion zail gauzak Zarauzko taldeari, hasierako jauzian orkatila bihurritu baitzuen Imanol Artetxe pibotak. Geroztik, ez zuen partidua jokatzerik izan, eta taldeak errotazio bat gutxiago izan zuen barneko jokoan.
Hasierako jokaldi horretan izandako ezbeharrak aztoratuta, Zast-Ulaciak ez zion erritmorik hartu jokoari, eta Goierriko taldea, berriz, indar handiz irten zen kantxara, defentsa gogor bat eginez. Bederatzi puntuko errenta hartu zuen etxeko taldeak lehen laurdenean, eta alde hori hamar punturaino igo zuen partidaren amaieran.
Lehendabiziko laurden horren ostean, partida kontrolpean izan zuen talde goierritarrak eta hemeretzi puntuko aldeaz iritsi zen azken laurdenaren atarira. Zarauzko taldeak markagailua itxuratzea lortu zuen Rafa Silva jokalaria bilatuta, inspiratuta egon baitzen larunbateko partiduan, hogeita bat puntu sartuta. Ez ziren nahikoa izan, hala ere, ordura arte Goierrik pilatuta zuen errenta ezerezean uzteko.
Taldearen bilakaera, hainbat gertaeraren ondorioz, ez da izaten ari Jokin Collantes eta Imanol Lazkano entrenatzaileek nahi luketen bezalakoa, baina beste hamaika jardunaldi dituzte aurretik gora egiteko, eta horretan saiatuko dira, zalantzarik gabe.