Zarauzko Udalak zabaldu egin du Aritzbatalde kiroldegiko ikastaro eskaintza. Alde batetik, 60 urte baino gehiago dituztenentzat OKI ikastaroa eskainiko du. Oreka, koordinazioa eta indarra landuko dituzte bertan, eguneroko bizitza kalitatea hobetzeko helburuarekin. Ostegunero 10:15ean hasiko dira eskolak, eta oinarrizko trebeziak landuko dituzte izena ematen dutenek.
Bestetik, helduentzako FIT ikastaro berria eskainiko du larunbatero 09:15ean. Indar lanean nahiz erresistentzian oinarrituta, forma fisiko hobea lortzeko tresnak emango ditu ikastaroak.
Azkenik, udalak helduentzat igeriketa eskaintza zabaldu du, eta beste bi ordutegi aukera gehitu ditu. Biak larunbatean izango dira, bata 08:30ean, igeriketan hasiberriak direnentzat, eta bestea 09:15ean, maila hobea dutenentzat.
Tokia hainbat ikastarotan
Zarauzko Udalak gogora ekarri du ekainera arteko jarraipena izango dutela ikastaroek, eta Aritzbatalde udal kiroldegiko zenbait ikastarotan izena emateko aukera dagoela. Aipatutako ikastaro berriez gain, hautan ere badago tokia:
- Osasun Fit ikastaroa (astelehen, asteazken eta ostegunetan 20:00etan). Musika eta material desberdinak uztartuz, gorputzeko gihardura hobetu eta norberaren ongizate pertsonala bilatzen duen ikastaroa da.
- Hipopresiboak (bata astelehenetan, 09:15ean, eta bestea asteazkenetan, 17:30ean). Abdominala eta inguruko gihardura lantzeko teknika berezian datza, eta zoru-pelbikoaren tonua handitzeko helburua du.
- Balance posturala (ostegunetan 15:15ean). Barne giharrak indartzea eta egokitasun posturala eta gorputz oreka mantentzea du helburu. Errehabilitaziorako terapia bezala ere erabiltzen da.
- Gazteentzako yoga (12-16 urte bitartekoentzat, asteazkenetan 17:00etan).
- Dantza modernoak eta kultura ezberdinetako koreografiak (astelehen, asteazken eta ostiraletan, 17:00etan)
Informazio gehiago nahi dutenek kirola@zarautz.eus helbidera idatzi dezakete, edota 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu.