Gaurko, urtarrilak 30, greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herrian. Lan, pentsio eta bizitza duinen alde protesta egitea erabaki dute milaka norbanakok eta ehunka eragile eta erakundek, eta lehen datuen arabera, Urola Kostan ere eragin nabarmena izango du biharko greba egunak. Hedabide honetako langileek ere bat egin dute grebarekin, eta ondorioz, gaur ez da HITZA egunkaria argitaratuko, eta grebari dagozkion ekitaldiak bakarrik landuko dira atari honetan. Ostiraleko egunkarian, hori bai, protesta egunari buruzko kronika zabala irakurri ahal izango dute gure harpideek.
Eskualdeko lantegi handienetan egin dituzte bozketak greba egin ala ez erabakitzeko, eta ELA eta LAB sindikatuek emandako datuen arabera, baiezkoa gailendu da enpresa askotan. Herri askotan hainbat zerbitzutan ere eragina izango du grebak, batez ere ikastetxeetan (gehienetan gutxieneko zerbitzuak eskainiko dira bihar) eta udal zerbitzuetan (udaletxe, kiroldegi, liburutegi eta halakoetan). Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere, esaterako, bat egin dute grebarekin.
Euskotrenek jakinarazi du, bere aldetik, gaur tren eta autobus zerbitzua ohi baino murritzagoa izango dela, gutxieneko zerbitzua egongo delako martxan.
Alderdiak eta udalak ere ez ditu hotz utzi gaurko deialdiak. Urola Kostako EH Bilduk bat egin du biharko greba egunarekin, eta baita Azpeitiko eta Orioko Udalbatzek ere. Getariako Udal Gobernuak ere grebari bere atxikipena erakutsi dio. Zestoan, esaterako, udal langileen %100ak egin du bat grebarekin eta, beraz, bihar itxita egongo dira udaletxea, kiroldegia, liburutegia eta gainerako udal zerbitzuak.
Azkoitian, berriz, pentsatzekoa da gaur herriko kaleetan pertsiana asko jaitsita geldituko direla, herriko ostalari eta merkatari elkarteek egin dutelako bat grebarekin.
Grebaren alde bozkatu dute ondorengo lantoki, ikastetxe eta zerbitzuetan ere:
Zarautz:
-Arrona Hermanos
-Bombas Itur
-Elesa
-Engranajes Juaristi
-Plasticos Urteta
-Electro Talleres Zarautz
-Orokieta ikastetxea
-Salbatore Mitxelena ikastola
-Antoniano Ikastetxea